Bost eguneko jai giroaren ondoren, agur esango digute gaur gauean San Joanak

Kronika - Erredakzioa 2007ko eka. 27a, 02:00

Gaueko 23:45etan izango da amaiera ekitaldia Plazan eta ondoren Elur Txori eta Xalaparta elkarteetako ordezkariek banderak jaitsiko dituzte. Gaur San Joan Konpartsa, herri kirolak, pelota partiduak eta abar izango dira.

Jai giroak eta parrandak lasaitasunari utziko diote tokia bihartik aurrera, gaur izango baitute 2007ko San Joan jaiek azken eguna. Gauerdian, Elur Txori eta Xalaparta elkarteeko ordezkariek Udaletxeko banderak jaitsiko dituzte, jaien bukaera iragarriz. Lehenago, jaien amaiera ekitaldia egingo dute Plazan eta zezen suzkoarekin batera, Incansables txarangak azken kalejira egingo du kaxkoan barrena.

San Joan Konpartsa eta pelota partiduak arratsaldean

Amaiera ekitaldiaren aurretik, ordea, izango da zer ikusia eta nola gozatua Hernanin. San Joan Konpartsa gaur aterako da, 18:00etan, gai jakinik landuko ez duten arren. Kiroldegian pelota partiduak ere izango dira frontoi berritua estreinatzeko; Mendizabal IIk eta Aimar Olaizola eskuz banakako txapeldunak Unanue eta Belokiren kontra jokatuko dute. 18:00etan izango da jaialdia eta Belloso-Oteiza/Olaetxea-Eskudero partiduarekin hasiko da.

Goizean aizkolariak, azeri dantza, Beti Egarriak txaranga...

Bazkal aurretik, aizkolarien proba izango da ekitaldi nagusia. 12:00etatik aurrera, Larretxea, Arrospide eta Arria V-k Urrezko aizkorako final aurrekoa jokatuko dute. Jaietako azken azeri dantza ere gaur izango da; Hernaniren erakusgarri diren txistu doinu horiek entzuteko azken aukera. Gaurko Azeri Dantza mistoa izango da. Goizean goiz, dultzaineroen diana izango da eta xexenen aurrean egindako lasterkaldiak ere ez dira faltako, sokamuturran. 11:00etatik aurrera, Beti Egarriak txaranga kaleetan ibiliko da, giroa jartzen.

Egitaraua

07:00 Diana. 
07:30 Sokamuturra
09:00 Azeri dantza.
11:00 Gazteentzako parkea, Atsegindegin.
11:00 Beti Egarriak txarangaren irteera.
12:00 Marrazki lehiaketako sari banaketa, Urumea ikastolan.
12:00 Urrezko aizkolari txapeldunen ligako kanporaketa eta herri kirol erakustaldia, Tilosetan.
16:00 Apar jaia, Biterin.
17:30 Zezenak haurrentzat, Latsunben.
18:00 Pelota partiduak kiroldegian.
18:00 Gaztetxoentzat parkea, Atsegindegin.
18:30 San Joan konpartsa.
23:00 Molotoff irratiko txosnan DJak.  
23:45 Jaien amaierako ekitaldia.
00:00 ElurTxori eta Xalaparta elkarteek banderak jaitsiko dituzte. Ondoren, Incansables txaranga aterako da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!