Hernaniko San Joanetako berezitasunetako bat da Axeri Dantza eta atzo izan zen lehenengoa. Iaz igandearekin egokitu zen eta kalean pasa ezinda ibili ziren Axeria eta konpainia; atzo ere jende asko izan zen, baina ibiltzeko modua bazen. Urte asko eta asko dituen ohitura honek goizean goiz jeikitakoak eta gaupaseroak elkartu ohi ditu kale bueltan, guztiak bizkarrak berotzeko prest.
Gaur eta bihar
Gaur eta bihar ere Axeri Dantza izango da herriko kaleetan, diana eta sokamuturraren ondorenean. Beraz, bi aukera badituzte aurten oraindik axeriari ihesi ibili ez direnek, Hernaniko kaxkoko laberintoetako gora beherez gozatzeko.
Atzo Koadrilen eguna
Atzo, San Joan bigarrena, Koadrilen eguna izan zen eta goizean goizetik herritar asko ibili zen koadrilako blusa edo kamisetak jantzi eta kalean gora eta behera. Asteburuan jendetza izugarria ibili da Hernanin eta atzo nabaritu zen beherakada pixka bat, kanpotik etorritako jendeari dagokionean behintzat.
Kontuz karteristekin
Udaltzaingoak jakitera eman du aurten ere kartera lapurreta dezente izan dela festetako nahasmena aprobetxatuta, eta urteroko moduan salaketa asko jaso dituzte. Jenderik gehieneko egunak pasa badira ere, gaur eta bihar ere kontuz ibiltzeko deia egin du Udaltzaingoak, jende bildu haundienak dauden lekuetan batipat.