Ezpalik onenak bihar Tilosetan, Urrezko Aizkorako finalaurrekoan

Kronika - Erredakzioa 2007ko eka. 26a, 02:00

Donato Larretxea, Angel Arrozpide eta Xabier Orbegozo ‘Arria V’ aizkolariak neurtuko dituzte indarrak. Aimar Irigoien, Maria Jose Sardon eta Telleria II ere izango dira harri jasotzen.

Elur Txori elkarteak urtero antolatzen ditu herri kirolak San Joanetako Baserritar Egunean. Aurten ere hala izango da eta Urrezko aizkolari txapeldunen ligako semifinalak izango dira, Egur Sportekin elkarlanean antolatuta. Donato Larretxea, Angel Arrozpide eta Xabier Orbegozo aizkolariak izango dira lehian, nor baino nor. 27 enbor moztu beharko dituzte 5 ekinalditan: aurrenekoan, enbor bat zeinek kolpe gutxiagoan moztu jokatuko dute; 2garrenean, erlojuz kontra ariko dira; 3garrenean, 2 enbor moztu beharko dituzte, bat zutikakoa eta bestea etzana; 4garren saioan, 60 pulgadako enborra nork lehenago moztu jokatuko dute; eta azkeneko saioan, kana erdiko bi enbor eta 60 pulgadako beste bi moztuko dituzte, lan luzean. Froga guztiak denbora gutxienean egiten dituen aizkolariak 3 puntu eramango ditu; bigarrenak 2 puntu, eta azkenak puntu bakarra. Froga garrantzitsua izango da asteazkeneko hau eta ETBk emango du. Iaz ere izan zen Urrezko aizkorako txapeldunen ligako froga San Joanetan. Orduan, Larretxea, Arrozpide eta Olasagasti izan ziren eta Larretxea izan zen aurreneko. Aizkolariekin batean harri jasotzaileak ere izango dira, Aimar Irigoien, Maria Jose Sardon eta Telleria II. Jaialdia 12:00etan hasiko da, Tilosetan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!