GAUR goizean aterako da danborrada txikia, traje urdinez Etxeberriko elkarteko haurrek osatutakoa eta traje gorriz Santa Barbara elkartekoa. Haiekin batean elkarte bakoitzeko barril, sukaldari eta kantinerak ere aterako dira. Danborjoleak 7 urtetik gorako neska-mutilak izaten dira eta sukaldari, barril eta kantinerak adin hori baino gutxiagoko haurrak izaten dira. Adin mugak jartzen dituzte, izan ere, ez da lan makala herriari buelta ematea danborra soinean zintzilik dutela. Goizeko 11:30etan aterako dira tanborreroak Santa Barbara elkartetik eta ibilbidea izango da: Santa Barbara elkartea, Nafar kalea, Elkano kalea, Plaza, Kardaberaz kalea, Kale Nagusia, Plaza eta Santa Barbara elkartera bueltatu bukatzeko.
Guztira 100 neska-mutil bi elkarteen artean
Guztira 100 neska-mutil aterako dira gaur danborrada txikian, 50 bat Santa Barbara elkartetik eta beste 50 Etxeberri elkartekoak. Etxeberriko danborradako antolatzaileak azaldu du Etxeberriko haurren danborrada duela 29 urte atera zela aurrenekoz. Adierazi duenez, asko entsaiatu dute eta ilusio haundiarekin daude gaur ateratzeko danborrak gogor astintzen. Santa Barbara elkarteko haurrek ere asko entsaiatu dute eta prest daude gaur ikasitako pieza guztiak dotore jotzeko.