Sueltoko dantza txapelketa izango da gaur, San Joan egunean Kriskitiña taldeak urtero antolatzen duen bezala. Gipuzkoarrak izango dira aurten etorriko diren bikote gehienak, zehazki, Azpeitia, Olaberria, Zegama, Ordizia, Pasaia eta Bergarako taldeak. Hernaniko dantzariek ere parte hartuko dute, Xabier Segura eta Lierni Martiarena bikoteak eta baita Aimar Abadek ere, Pasaitik datorren Izaskun Besadarekin batera. Bizkaia aldetik ere etorriko dira dantzariak, Portugalete eta Sestaokoak; baita nafarrak ere, Agoitzekoak. Bikote bakoitzak fandango eta arin-arin bat dantzatuko du. Fandangoa Patxi Apezetxeak zuzendutako txistulari bandak joko du eta arin arina Beñat Luluagak eta Markos Landak joko dute trikitixarekin. Txapelketa arratsaldeko 18:00etan hasiko da, Gudarien plazan.
Saria eta epaimahaia
Txapelketako epaimahaia Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko kideek osatuko dute. Irabazten duen bikoteak Gotzon Huegun eskultoreak egindako bi talla lan eramango ditu. Saria Hernaniko Udalak emango du.