OHITURA Zaharrak abesbatzak aurten ere ez du huts egingo San Joan bezperako zitara. Arratsaldeko 18:00etan egin dute zita, arkupetan, eta handik Zaharren Egoitzara joango dira, bertan San Joan giroa eta umorea zabaltzera. ´Aurten ordu erdi lehenago aterako gara Zaharren Egoitzan denbora gehiago egiteko`. Zaharren Egoitzatik kalera joango dira, tabernaz taberna bertso eskolako bertsolariek lagunduta. Dios te salve kantatuko dute eta bertsolariak bapatean ariko dira, tabernaz taberna eskean. Ohitura Zaharrak abesbatzako kideek azaldutakoaren arabera, herriko tabernak-eta oso ondo portatzen dira, eta izaten da kantuan galdutako indarrak biltzeko aukera. San Joanetako erronda honetan 20-25 lagun biltzen dira, baina adierazi dutenez ezin da asmatu zenbat pertsona agertuko diren. Animatzen diren guztiak ongi etorriak izango direla diote eta herritarrak animatu dituzte alkandora txuria jantzi eta San Joan errondan parte hartzera.
Urtean hiru zita Ohitura Zaharrak abesbatzak San Joanetakoaz gain beste bi zita izaten ditu: Santa Ageda bezperan eta urte zahar egunean.
San Joan
errondako kopla
Dios te salve, ongi etorri
gabon Jainkuak diyela
Legiarekin kunpli dezagun
Aita San Juanen bezpera
----------------------
Orain bi urte durua zan ta
lengo urtian bi pezta
Deskuidatutzen ez baldinbanaiz aurten xentimorik ez da.