SAN Joan sua piztu zain izango dira gaur Plazan jarritako enbor eta belar lehorrak. San Joan bezperako suaren inguruan bilduko dira herritarrak, sentimenduz eta ilusioz gainezka, San Joan jaiak hasteko irrikitan, urteko oroimen gaiztoak erretzeko irrikitan. Sua iluntzeko 21:30ak aldera piztuko da eta ordu horretarako herritarrak Plazara gerturatuko dira. Suak indar hartzen duen neurrian, herritarrek kalejira bat egingo dute aurreskuarako prestatzeko. Ondoren, taldeka-taldeka gerturatu eta aurreskua dantzatzeari ekingo diote. San Joanetako momentu berezietako bat izaten da herritar askorentzako su aurreko aurreskuarena: batzuek azterketetako liburu eta apunteak erretzeko aprobetxatzen dute, beste batzuek aldarrikapenak egiten dituzte, beste batzuek festei ongi etorria egiten diete, eta abar.
San Joan Kantaita
Aurten seigarren urtez, San Joan Kantaita izango da San Joan bezperako suaren inguruan, herri aurreskuaren ondoren. Aurtengoan 30 bat emakume bilduko dira Kantaitan. Diotenez, lehen oso ezagunak ziren San Joan inguruko kantuak eta erritualak eta pixkanaka galtzen joan dira. Ohitura hauek berreskuratzeko asmoarekin duela 6 urte herritar talde bat bildu zen eta Urdiainen mantendu den ohitura hau Hernanira ekarri zuten. Horrela, emakumeak soineko bereziz jantzita, suaren inguruan biltzen dira eta eskuak atzera eta aurrera mugituaz, kantu zahar bat abesten dute. Dantza eta kantu honek gogoratzen du garai batean emakumeak San Joan bezperan joaten zirela garia biltzera. Kantu hau garai bateko erritual moduko bat da.