Pentsatu al duzue zein joango zareten gaurko omenaldira?
Bai, Maialen Lujanbio, Joxan Ruiz, Agustin Peña, Antonio Martin, Manix Zuza, Mikel Ruiz eta Julio Rubio izango gara joango garenak.
Zerbait berezia prestatu al duzue zuen urteurrena eta omenaldia ospatzeko?
Aurten txarangak 41 urte beteko ditu, eta hori dela eta, garai batean erabiltzen genuen txarangarako trajearen antzekoarekin aterako gara, koadrodun blusarekin. Agustin Peña izango da txarangako zuzendaria.
Nola sortu zen Xalaparta elkartea eta txaranga?
Lagun talde bat biltzen ginen garai bateko Carreroko fabrikaren inguruan. Futbolean, pelotan eta abarretan aritzen ginen. Egun batean, jolasean genbiltzala, Sociedad Xalaparta jartzen zuen seilu bat iritsi zen gure eskuetara. Gure koadrillarentzat izen baten bila genbiltzan eta seilu hura aurkitzea erabakigarria izan zen, ordutik aurrera Xalaparta izena hartu genuen. Seilu honen jatorria ikertu genuen eta jakin genuen 1927 eta 1936 urte artean Hernanin Xalaparta izeneko elkarte bat bazela eta Gerra Zibila hasi zenean desegin egin behar izan zuela. Horren ondoren etorri ziren futbol txapelketak, Txantxillan eta Atsegindegin egiten zirenak. Grina haundia genuen gure koadrilan eta hori dela eta, San Joanetan karrozak egin genituen, 1963an, 64an, 65ean, eta 71n. Xalaparta elkarteko txaranga ere 1966an atera zen aurrenekoz, eta urtero-urtero gaur egun arte, ez du hutsik egin. Xalaparta elkarteko koloreak futbol zelaian defendatzearen poderioz, elkarte bat sortu behar genuela bururatu zitzaigun. Horrela, 1982ko ekainaren 19an, orain Xalaparta elkartea dena inaugurutu zen, Joxan Ruiz lehendakari zela.
Zeintzuk izan dira urte hauetan egin dituzuen ekintza garrantzitsuenak?
Ekintza ugari egin dira 25 urte hauetan. Izan ere, elkarteak beheko solairua ekintza kulturaletarako erabiltzen zuen eta bertan xake txapelketak, eta lan mota ezberdinetako erakusketak egiten ziren. Probintzia mailako pintura txapelketa ere egin genuen. Hernani eta nazioarte mailako artistek jarri izan dituzte lanak Xalapartako beheko solairuan. 1988an Hernaniar Bikaina saria ematen hasi ginen. Saritzat ematen den eskultura Mikel Cristik emandako eskultura batetik aterata dago. Saria bi urtean behin ematen da, eta aurten D. Jose Mª Setien Alberrori eman diogu. Mendi irteerak ere egin ditugu, hasieran Artikutzara eta gero Berastegira. Azken urteetan Aranora egin izan dugu urteko mendi irteera. Mus txapelketa ere egiten dugu, elkartea martxan jarri zenetik. Sagardo txapelketa ere egiten hasi ginen 1994 urtean. 25 urte hauetan zehar elkartea herriko zenbait ekimenekin elkarlanean aritu da: antzerkiko nazioarteko jardunaldiekin, Korrika, Kilometroak, Tolare Sagardo Kofradia, Berriak, Gure Etxola eta beste hainbat gizarte mugimendu. Aipatzeko dira baita ere, urte hauetan Xalapartako sukaldetik pasa diren sukaldariak. Horrez gain, 1983an, elkarteak 25 urteurrenean aldizkari bat atera genuen, garrantzitsua izan zena, Xalapartako historiaren zati bat ezagutzeko. Sortu zenetik hona, elkartea asko aldatu al da? Hasieran indar askorekin sartu ginen, pintura lehiaketak, erakusketak, xake txapelketak eta gauza mordoa egin genituen. 14 bat urtetan zehar ekimen horiekin jarraitu genuen, baina gero Biteri kultur etxea hasi zen eta bertan hasi ziren egiten erakusketak eta horrelakoak. Gu jarduera horretatik liberatzen hasi ginen, eta lehengo erakusketa aretoa bulego bihurtu genuen. Gainerakoan mus txapelketak, urteko afaria, Hernaniar Bikainak izendatu, txaranga, eta Aranora irteera egiten jarraitzen dugu. Orain sagardo txapelketa egiten dugu, lehen egiten ez zena. Giro aldetik, orain emakumeak bazkide egin daitezke, momentuan 4 ditugu. Aldaketa generazionala ere nabari da. 25 urte ez dira ezer ere, baina herriko historia aberatsaren parte gara.
Bukatzeko, beste zer azpimarratu nahi bazenute....
Bai, Hernaniko gainerako soziedadeak agurtu nahi genituzke, bereziki Elur Txorikoa 50. urteurrena ospatzen duelako. Dolores Zubizarreta andereari, dagoeneko jubilatua dagoenari ere eskerrak eman nahi dizkiogu soziedadea sortu zenetik dena hain txukun edukitzeagatik. 25 urte hauetako ibilbidean hil diren bazkide eta lagunak ere bereziki gogoan izan nahi genituzke.
ZENBAIT DATU:
Sorrera:
-Aurreneko zuzendaritza 1982ko apirilaren 25ean sortu zen eta lehendakaria Joxan Ruiz izan zen.
-1982ko ekainaren 19an inauguratu zen Xalaparta elkartea.
- Soziedadeak himno edo ereserkia eta armarria ditu. Himnoa 1929 urtekoa da eta D. Ramon Muguruzak egin zuen eta letra D.Jose Antonio Goñi, Maldaburuk. Armarria Mikel Ruizek.
Antolaketa:
-Orain arte honako lehendakariak izan ditu Xalaparta elkarteak: Joxan Ruiz, Peio Elorza, Iñaki Apezetxea, Daniel Peña, Agustin Peña, Joaquin Aroca, Gerardo Plaza, Esteban Apezetxea, Miguel Urdangarin Amancio, Joxe Mª Belegain eta Beñi Agirre. Gaur egun Julian Rubio da lehendakaria 2009ra arte.
-Xalaparta elkarteak gaur egun 131 bazkide ditu.
Ekintza nagusiak:
-Mus txapelketa, aurten 25garrena.
-Aranora irteera.
-Elkarteko urteko afaria.
-Bi urtean behin herritar bat Hernaniar Bikaina izendatzen dute.
-Sagardo txapelketa.
-San Joanetan, txaranga.
-Herriko talde ezberdinekin elkarlanean aritzen da ekimen ezberdinetan: Korrika, Tolarea Sagardo Kofradia, Berriak, Gure Etxola, eta abar.
Emakumeak elkartean:
-Elkartea 1982an sortu zenetik emakumeek sarrera libre izan dute Xalapartan, asteko edozein egunetan. Gai honek polemika haundia sortu zuen elkartearen sorreran.
-Duela urte batzuk batzarrak emakumeak bazkide izatea onartu zuen, eta erabaki honekin ere izan ziren ika-mikak, herriko beste elkarte askotan bezala. Gaur egun, 4 emakumezko bazkide daude Xalaparta elkartean.