Gaurko omenaldia prestatu al duzue? Hitz egin al duzue nor igoko den balkoira?
Elkarte bakoitzetik 7 ordezkari joango gara gaurko ekitaldira, Xalapartatik 7 eta Elur Txoritik beste 7. Pentsatu dugu Elur Txori aldetik, elkarteko fundatzaileak izan diren Jose Larrañaga eta Atanasio Lapazaran joatea; Casiano Garcia lehendakaria eta Xabier Zabaleta zuzendaritzako kidea; Bolari taldetik Migel Burugain eta Jose Ramon Sanz; eta kaldererotako erregina den Koldo Monge joatea.
Ilusio berezia egiten al du herriko festetan omenaldia jasotzeak?
Ez gaude horrelakoetara ohituta, baina uste dugu polita dela elkartearentzat 50 urte bete eta errekonozimendua jasotzea. Jan eta edan egiteaz aparte, gauza gehiago egiten ditugu.
San Joan festetan urtero zuen kontu izaten dira ekainaren 26ko bertso saioa eta ekainaren 27ko baserritar eguna. Zer antolatu duzue aurten?
Ekainaren 27an urrezko aizkora txapelketako semifinala izango da, Tilosetan. Momentuan dauden aizkolarien artean, lau onenak etorriko dira egun horretan: Donato Larretxea, Angel Arrozpide eta Xabier Orbegozo Arria V. Aizkolariekin batean, Mª Jose Sardon, Aimar Irigoien eta Telleria II harri jasotzaileak izango dira. Ekainaren 26rako antolatu dugun bertso saioan, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Xabier Silveira, Unai Agirre, eta Unai Muñoa izango dira.
Noiz antolatu zenuten San Joanetako aurreneko baserritar eguna? Asko aldatu al da ordutik egun hori?
Baserritar eguna 1968tik antolatzen dugu. Lehen dena egun berean egiten zen, bertso saioa eta herri kirolak. Bazkaria ere egiten genuen baserritarrekin, Elur Txori elkartean bertan. Baserritar eguna gainera ostegunarekin ospatzen zen, feri egunean. Ganadu feria ere egin izan da garai batean Tilosetan, baita ahari talkak ere. Tilosetaz aparte, baserritar eguneko ekitaldiak Atsegindegin ere egin izan dira. Hala ere, jende gehiena Txantxillan antolatzen genuenean biltzen zen, futbol zelaia zenean.
Eta San Joanak orokorrean, asko aldatu al dira elkartea sortu zenetik?
Bai, aldatu dira. Lehen San Joanetan soziedadeetan zegoen martxa, orain txosna eta tabernetan izaten da. Lehen soziedadeetan biltzen ginen egunero eta dantzaldia, baratxuri zopak, txarangak eta denak izaten ziren bertan. Garai batean Txantxangorri elkarteko terrazan dantzaldia egiten zen eta jendez gainezka izaten zen. Aldatu den beste gauza bat da lehen San Joanak ekainaren 23tik 28ra izaten zirela, eta orain aldiz ekainaren 27ra arte izaten dira.
Zein testuingurutan eta nola sortu zen elkartea duela 50 urte?
Elkarteko aurreneko estatutuak azaroaren 30ekoak dira. Gerra ostea pasata zegoen eta hazkuntza ekonomikoa izan zen, jendeak uste zuen leku bat behar zuela biltzeko eta elkarteak sortu ziren. Santa Barbara elkartea dagoeneko martxan zen eta horren atzetik etorri zen Elur Txori elkartea sortzea. 1958an inauguratu genuen lokala, ordutik hemen egon gara beti.
50 urteurrena dela eta elkarteak bere aldetik zerbait berezirik prestatu al du?
Bai zerbait egingo dugu, baina udazken aldera, azaroan.
ZENBAIT DATU:
Sorrera:
-Aurreneko estatutuak 1957ko
azaroaren 30ean onartu ziren.
-Elur Txori elkartea bera, lokala, 1958ko otsailean
inauguratu zen.
-Aurreneko asanblea 1958ko azoroaren 4an egin zen.
Ekintza nagusiak:
- Kaldereroak, 1961etik.
- Leitzara martxa, aurten 48garrena.
-San Joanetako ekainaren 26ko bertso saioa eta ekainaren 27ko herri kirolak urtero antolatzen ditu
elkarteak.
-Urteurreneko bazkaria,
aurten 50garrena.
-Sagardo txapelketa,
aurten 25garrena.
-Elur Txorik txapelketa ezberdinetan aritzen den bolari taldea du.
-Korrika eta Dantzari Festan
laguntzen du eta Kilometroak
izan zirenean ere bai.
Antolaketa:
- Lehendakaria:
Casiano Garcia
- Gaur egun 125 bazkide ditu
elkarteak.
-Bost zuzendaritza talde daude eta txandan hartzen dute kargua,
2 urtean behin.
-Bazkide izateko bi modu daude: familiko baten eskutik oinordetzan hartzea, edo listan izena emanda. Kasu honetan urtebeteko froga pasa ondoren asanbladan onartzen dute, ezeren pegarik ez bada.
Emakumeak elkartean:
-1989an erabaki zen
emakumeak elkartean
sar zitezkeela, larunbat
eguerditan, eta igandeetan. Pixkanaka egunero sartzen
hasi ziren emakumeak.
-Aurtengo asanbladan onartu da Elur Txorin emakumeek eta gizonezkoek eskubide berdinak izan behar dituztela eta beraz bazkide izan daitezkeela.