Txupinazoari itxaron gabe, gaur gauean izango da aukera motorrak berotzeko

Kronika - Erredakzioa 2007ko eka. 22a, 02:00

Txosnen irekierak jai giro kutsua emango dio gauari. Molotoff irratiko txosnako eskaintza musikala gaur hasiko da Mungos Hi-Fi eta Kenny Knots-ekin. Boxeo eta kickboxing borrokaldiak izango dira kiroldegian eta punk-rock kontzertua gaztetxean.

San Joan jaiak bihar hasiko dira ofizialki, txupinazoarekin, baina izango da jaietako lehen parranda gaur gauean egingo duenik ere. Besteak beste, ostirala delako eta txosnak irekita izango direlako, sei gauetan jende mordoaren egarria asetzeko prest. Aurten aldaketak izango dira txosna gunean. Kopuru aldetik bi gutxiago izango dira, iaz jarri zuten bi taldek ez baitute jarriko. Ordutegi aldetik ere badira aldaketak; gaur, bihar eta etzi goizeko 07:00ak arte izango dira irekita, eta astelehenetik asteazkenera 06:00ak arte. Molotoff irratiko eskaintza musikala ere gaur jarriko da martxan eta Mungos Hi-Fi Eskoziako Sound System beteranoa izango da Tilosetan. Hauekin batera Londresgo Kenny Knots roots reggae abeslaria etorriko da. Hau dena 23:00etatik 02:00etara izango da eta ondoren Aritz Sound System-ek jarriko du musika txosna itxi arte.

Boxeoa eta kickboxing-a kiroldegian

Gaur boxeo borrokaldiak izango dira kiroldegian, Paco Bueno gimnasioak antolatuta. Bertan Euskadiko eta Aragoiko lau boxeolariek elkarren aurka borrokatuko dute, Super arin, arin eta ertain pisuan, 22:30etatik aurrera. Bi kickboxing borrokaldi ere izango dira, Kuraia gimnasioko kideen artean. Sarrerak 9 eta 15 euro artean dabiltza. Biharko txupinazoko goxokiak, denok jateko modukoak Udaletxetik jakinarazi dute txupinazoan botako dituzten goxokiak egokiak direla ume zeliako eta diabetikoentzat, eta baita laktosa jasan ezin dutenentzat ere.

Alkoholimetro bat jarriko dute plazan 25ean

Eusko Jaurlaritzako Droga-mendekotasun gaietarako Zuzendaritzak Alkoholik adingabekoei? Tantarik ez kanpaina jarri du martxan eta Hernaniko Osasun eta Gizarte Ongintzarako Udal Patronatuak bat egin du kanpainarekin. Horren bidez, astelehenean, hilak 25, 18:30etatik 21:30etara, alkoholimetro bat jarriko dute plazan edozeinek gorputzean daraman alkohol tasa jakin dezan. Negatibo ematen dutenei agiri bat emango diete lelo honekin: Agiri honen bidez ziurtatzen du badakidala primeran pasatzen pasatu gabe.

‘Baan marina’-ren tonbola Tilosetan, bihartik astelehenera arte

Thailandiako tribuetako neskak formazio integral bat izan dezaten laguntzeko, laugarren urtez Baan marina fundazioak tonbola jarriko du Tilosetan. Larunbat arratsaldean (17:00-21:00), eta igande eta astelehenean, goiz (10:00-14:00) eta arratsalde (17:00-21:00), jarriko dute tonbola, lehen Caritasek jartzen zuen lokalean, eta herritar guztiak animatu nahi dituzte boletoak erosi eta proiektua laguntzera.

Gaur Hernanin

Zaharren egoitzan, 17:30etan: ‘Cum Jubilo’ abesbatzaren emanaldia.

Kiroldegian, 22:30etan: Boxeo eta kickboxing borrokaldiak. Euskadi-Aragoi.

Molotoff irratiko txosnan, 23:00-02:00: Mungos Hi-Fi(Eskozia) + Kenny Knots (London). Ondoren: Aritz Sound System

Triku tabernan, 00:00etan: Waterpartys.

Kontrakantxa gaztetxean, 23:00etan: Kontzertua Orquesta Pegaso, Las Putas del Mistol, Ezeonik Ez eta Boogie Van taldeekin. Ondoren musika gau guztian.

Bihar San Joanetako Kronika berezia

Kronikak 16 orrialde izango ditu bihar, San Joan bezperan, eta bertan San Joan jaietan izango diren ekitaldiei errepasoa egingo zaie. Elkarrizketa, erreportaje eta abarrekin irakurleek jaiei buruzko informazio zabala izango dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!