Hernaniko Udalak, Kontratazio eta Ondare sailaren bitartez, lur azpiko 12 garaje plaza zozketatuko ditu Latsunbe Berri auzoan. Plazak alokairurako dira, 75 urtetan esplotatzeko, eta 14.341 eta 16.478 euro arteko prezioak dituzte. Aparkalekuak lur azpian daude, Latsunbe Berriko 32 eta 38 zenbakien artean, eta 15 m2 inguru dituzte; txikienak 14,50 m2 ditu eta haundienak 16,66 m2. Zozketan Hernaniko edozein herritar apuntatu daiteke, baina lehentasuna izango dute, orden honekin: Latsunbe Berri 32-38 portaletako bizilagunak; Latsunbekoak; Marielutsekoak; eta Urbieta kaleko 16-18 portaletakoak.
Apuntatzeko baldintzak
Uztailaren 11era arte eman ahal izango da izena lehiaketan eta, horretarako, Udaleko Kontratazio eta Ondare sailean (udaletxeko bigarren solairuan, eskubitara) agiria eskuratu beharko da eta baldintza pleguan eskatzen dena entregatu beharko da, hau da, NANaren fotokopia, autoaren zirkulazio dokumentua eta jabetza dokumentua, beste garajerik ez duela baieztatzen duen dokumentua (zin eginda), eta 1.000 euroko fidantza. Hau dena Kontratazio eta Ondare sailean aurkeztu beharko da, 09:00etatik 13:00etara. Jasotako eskaera guztiekin zozketa publikoa egingo da.