CHILLIDA Lekun udako solstizioaren inguruko jaialdia izan da aurten ere. Udako solstizioa berez ekainaren 21ean izaten da, baina egun batzuk aurreratu eta asteartean egin zuten ikuskizuna. Haizea izan zen ikuskizuneko protagonista, izan ere Eduardo Chillidaren Haizearen Orrazia obrak 30 urte betetzen ditu aurten. Hori dela eta jaialdian zehar ikusi ahal izan ziren emanaldi ezberdinetan haizea ekarri zuten gogora, soinu eta forma ezberdinetan. Emanaldia Els Visitants antzerki taldearekin hasi zen, beraiek izan ziren bertan bildu zen jendea emanaldi batetik bestera gidatu zituztenak. Segidan, Iban Nikolai oiartzuarrak didgeridoo ezberdinekin emanaldiak eskaini zuen, eta Chillidaren eskultura baten gainean ere jo zuen. Horrekin batera itsasoaren soinua gogora ekartzen zuen instrumentu bat ere erabili zuen. Oreka TXen txanda izan zen gero. Zuhaitz batetatik zintzilik jarritako txalaparta, harrizko txalaparta eta ohiko txalaparta, jo zituzten. Eduardo Chillidaren eskultura batean ere jo zuten, soinu ezberdinak lortuz. Maddi Oihenartek eman zion segida ikuskizunari kantu eta hitzez haizearen soinua gogora ekarriz. Aukeran dantza taldea ere izan zen museoan emanaldia ematen eta haizea gogora ekarri zuten, maindireak eta makila soinuak erabilita. Eduardo Chillida ere presente izan zen jaialdian, Zabalaga baserrian jarri zuten proiekzioaren bidez. Jaialdiari bukaera Astondoa pirotekniak eman zion, eskulturak su artifizialez jantzita. ES3 laukotea ere izan zen bukaera aldera, saxo, biolin, kontrabaxu eta bateriaz osatutako taldea.