‘La Buena Nueva’ filmeko grabaketak egin zituzten herenegun Gudarien plazan. Bertan izan ziren Unax Ugalde eta Joseba Apaolaza eszena bat grabatzen, Udaletxeko arkupetan pelotan jokatzen (beheko argazkian). Plazako beste txoko batzuei merkatu itxura eman zieten eta eszena gehiago ziren grabatzekoak. Hernaniko gazte batzuk ere parte hartu zuten grabaketan, extra moduan, apaiz jantziekin (goiko argazkian). Helena Tabernaren film hau Gerra Zibilean kokatua dago eta Altsasuko apaiz baten bizitza kontatzen du. Falangista jantzian zebiltzan aktoreak ere ikusi genituen Plazan. Filma 2008an estreinatzeko asmoa dute, baina oraindik geratzen zaie lana herri ezberdinetan irudiak hartzen. Orain arte Leitzan, Aldatzen, Donostian, Ezkio-Itsason, Azpeitian eta Gorritin errodatu dute. Aktoreak eta montaje osoa gertutik ikusteko asmoarekin jende asko bildu zen herenegungo goizean Plazan.