«Beste alderdiekin akordio puntualetara iristeko asmoa dugu eta uste dut posible izango dela»

Kronika - Erredakzioa 2007ko eka. 17a, 02:00

Marian Beitialarrangoitiak bere alderdiko zortzi bozkak lortu zituen atzoko inbestidura saioan eta bera izango da legealdiko Alkate. Inbestidura bukatu berritan erantzun zien Hernaniko Kronikako galderei.

Lau boto zuri eta gainerakoek beren zerrenda buruari eman diote bozka. Espero zenuten bezala joan al da gaurko inbestidura saioa?
Espero genuen moduan joan da, edo nahi genuen moduan behintzat bai. Gehiengo absoluturik izan ez arren, gehiengo haundia izan dugu eta hori errespetatzeko eskaria egin genien beste alderdiei.

Behin alkatetza eskuratuta zein izango da hurrengo pausoa?
Datorren astelehenean Udalera joan eta gure burua aurkeztea bertako langileei. Arloz arlo lanean ari den jendeari aurkezpena egitea dagokigu orain.

Gaurko bozketa ikusita, bakarrik gobernatzeko asmoa duzuela esan liteke?
Bai, eta beste alderdiei ere hala egin genien proposamena: bakarrik gobernatuko genuela, baina akordio puntualetara iritsiaz. Alderdiekin egon gara eta guztiok erakutsi dugu borondatea akordioetara iristeko eta orain programetan dauzkagun adostasunak aurkitu eta akordioak lortzen saiatu behar dugu. Uste dut posible izango dela, guk gestio irekia egin nahi baitugu eta paper gainean behintzat, guztiek esan dute prest daudela.

Pentsatu duzue Udal batzordeak nola banatu? Zein epe duzue?
Hilabeteko epea daukagu orain batzordeak eratzeko eta horretan hasiko gara. Gutxi gehiago, zehaztuak ditugu gehienak, baina azken ukituak eman behar dizkiogu. San Joanak datoz orain eta ondorenean zehaztuko ditugu erabat, uztailerako.

Bai kanpainan eta baita gaur Alkate kargua hartu duzunean ere, herritarrei egin diezu dei. Kargu berritik zer esan nahi diezu hernaniarrei?
Udala irekia dagoela eta herritarrak beti etorri litezkeela Udalera, edozein duda edo proposamenekin. Guk ez dugu nahi herritarrek 4 urtean behin bozka ematea bakarrik, Udal gestioan parte izatea nahi dugu, Udal parte hartzailea nahi dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!