Zinegotzietan zaharrenak eta gazteenak, PSE-EEko Jose Perezek eta EAE-ANVko Idurre Lukasek gidatuta ekin zitzaion atzoko inbestidura saioari, Udaletxeko pleno aretoan, goizeko 09:00etan puntuan. Alderdi bakoitzeko zerrenda buruek hartu zuten hitza, beren kargua beteko zutela zin egiteko, eta ondorenean egin zen bozketa. Marian Beitialarrangoitia EAE-ANVko zerrenda buruak 8 boto lortu zituen; Jose Ramon Chica PSE-EEko zerrenda buruak 3 boto; Beatriz Fernandino EB-Aralarko zerrenda buruak boto 1 eta eta Maria Luz Anglada PPko zerrenda buruak beste boto 1. Horrez gain, 4 boto zuri ere izan ziren EAJ eta EAko zinegotzienak. Gehiengo osorik izan ez zenez, zerrenda bozkatueneko hautagaia izendatu zuten Alkate, Marian Beitialarrangoitia, eta berak hartu zuen hitza.
Une ´gazi gozoa`
Marian Beitialarrangoitiak azpimarratu zuen beretzat ohore bat dela ´orain 18 urte hartu ninduen herriko Alkate izatea eta EAE-ANVko zinegotzi eta kideekin lan egiteko aukera izatea`. Ezker Abertzaleko BH plataforma lau urtean legez kanpo egon ondoren, ´denborak gauzak bere tokian` jarri dituela ere nabarmendu zuen Beitialarrangoitiak eta EAE-ANVk izandako 4.187 botuek horixe erakusten dutela esan zuen. Alkatetza hartutako unea ´une gazi-gozoa` zela ere esan zuen: ´une hau gurekin bizi ezin dutenak gogoan ditugulako, behin behineko zein betirako urrun joan direnak`. Horrez gain, EAE-ANVko zerrendak legez kanpo dauden Udalerriak eta Diputazioak ere gogoan izan zituen Hernaniko Alkate berriak ´demokraziaren egun haundia beharko lukeena guztiz bestelako bilakaturik baitator`.
Gatazka gainditzeko proposamena
Marian Beitialarrangoitiak partiduen legea eta legez kanporatzeak salatu zituen eta esan zuen horiek egiten zirela ´ezker abertzalearen proposamenak eta bidea ezkutatzeko, eta noiz eta gure herriak gatazka konpontzeko aukera duenean`. Bidea oztopatzea ez dutela lortuko ere esan zuen eta ´konponbide demokratikoa` aldarrikatu zuen eta horretarako egiten duten proposamena eman zien gainerako alderdietako zinegotziei. Bukatzeko, esan zuen gainerako alderdietako zinegotziek ´indarrak biltzeko bada lagun izango gaituzte, baina ilegalizazio eta horrelako jarrerak bultzatzeko bada, aurrez aurre izango gaituzte`. Herritarrei zuzenduta berriz esan zuen ´hernaniar guztien Alkate` izango dela eta hurbiltzeko berengana, ´kontaktu zuzenak erakutsiko digulako herritarrek zer nahi duten`.