SAN Joan aurreko 9garren Axeri Bila herri lasterketa izango da gaur, CD Hernaniko atletismo sailak antolatuta, Kirol patronatua eta udalaren laguntzarekin. Frogan parte hartu ahal izango dute haur, heldu eta gazteek. Benjaminen lasterketak (1997-98an jaiotakoak) 600 metro izango ditu eta arratsaldeko 17:40etan hasiko da. Alebinen frogak (1995-96an jaiotakoak) 1.200 metro izango ditu eta arratsaldeko 17:50etan hasiko da. Infantilek ibilbideak (1993-94an jaiotakoak) 2.400 metro izango ditu eta 18:00etan hasiko dira. Kadeteak aldiz (1991-92an jaiotakoak) 4.500 metroko lasterketa egin beharko dute, arratsaldeko 18:30etan hasita. Helduen lasterketa arratsaldeko 18:30etan hasiko da eta 4,5 kilometroko zirkuitoari bi buelta eman beharko dizkiote, guztira 9 kilometro. Ibilbidea, Urbieta kalean hasiko da eta Elkano, Larramendi, eta Lizeaga kaleetan barrena Atzieta eta Zinkoenearaino joan beharko dute. Ondoren Florida eta Sagastialde auzoetan barrena Antziolatik Marieluts eta Urbieta kalera joango dira. Helmuga Urbietan kalean bertan izango da.
Izen ematea eta sariak
Axeri Bila frogan izen-ematea irteeran egin behar da lasterketa hasi aurretik eta 6 euro kostatzen da. Sariak ere jarri dituzte parte hartzen dutenentzat eta txapeldunentzat. Parte hartzen duten guztiek kamixeta bana jasoko dute. Maila bakoitzeko hiru aurrenekoentzat trofeoak izango dira. Zozketak ere egingo dira parte hartzaileen artean: bi lagunentzako asteburuko bidaia; bi lagunentzako afaria; eta kirol materiala.
Berriak elkartearen postua
Berriak, Hernaniko merkatari eta ostalarien elkarteak jakinarazi du postua jarriko duela lasterketan. Bertan Berriak txartelaren promozioa egingo dute eta globoak eta goxokiak banatuko dituzte. Horrez gain, Berriak elkartearen izenean sari bat emango zaio lasterketan parte hartuko duen atleta bati; lasterketan bertan jakinaraziko dute zein atleta den.