Chillida Lekun musika, dantza, antzerki eta su artifizialekin osatutako ibilbidea prestatu dute gaur gauerako, Udako solstizioaren ospakizuna dela eta. Ekainaren 21ean izaten da urteko egunik luzeena da eta hori dela eta fetxa horren inguruan museoak jaialdi bat antolatzen du, bere belaze zabaletan, hainbat emankizunekin. Aurten Haizearen Orrazia-ren 30garren urteurrena bete da, eta Haizea gai nagusi hartuta, ´programa berezia` osatzen saiatu dira, inoiz baino artista gehiago ekarrita. Horrela aurreko urtetan jaialdiak izan dituen bisitariei ere zerbait ezberdina eskaintzeko asmoa dute. Aurreko urteetan, Udako solstizioan 400dik 700 bitarte bisitari izan dituzte Chillida Lekun.
Tradizioa eta berrikuntza nahasten dituzten artistak
21:30etan hasiko da gaurko ibilaldia Chillida Lekun barrena eta 23:30ak arte, itxura ikusgarria izango du museoak. Els Visitants antzerki taldeak gidatuta, Maddi Oihenart, Iban Nikolai, Oreka TX, Aukeran dantza taldea, Raul Lopez Romero eta ES3-ren emankizunak ikusi ahal izango dira, Astondoa etxearen pirotekniak apainduta. Luis Chillidaren esanetan, artista hauek aukeratu dituzte, bere aitak bezala, tradizionala den zerbait abiapuntu hartuta zerbait berria egiten ausartu direlako.
Autobusak Hernanitik
Atsegindegitik autobusa aterako da Chillida Lekura, 21:00etan. Sarrerak museoan bertan hartu daitezke, 10 euroan. Takila 21:00etan irekiko dute.
Emanaldiak
Els Visitants: Chillida Lekuko gidariak izango dira eta gainontzeko emanaldiak lotuko dituzte. Bukaera aldera, Valentziako antzezleek bere emanaldi propioa eskainiko dute. Maddi Oihenart: Ibilbideko lehen geltokia. Octavio Paz-ek haizeari buruz egindako hitzak, Itxaso Bordak itzulita, errezitatuko ditu.
Iban Nikolai: Termitek sortutako Didgeridoo tresna zaharra joko du. Pentsamenduak interpretatu nahi ditu bi konposiziotan, itsasoko haizea gai hartuta.
Oreka TX: Emanaldi berritzailea eskainiko dute eta Chillidaren eskultura baten gainean joko dute, soinu berrien bila. Aukeran dantza taldea: Bereziki gaurko sortutako koreografia eskainiko dute; Enbata emanaldia moldatu dute eta hamar bat dantzari ariko dira.
Raul Lopez Romero: Haize Orrazia obraren hasiera (Hernani, 1952) eta garapena. Eduardo Chillidaren irudi eta hitzekin muntaia egin du errealizadoreak.
Astondoa piroteknia: Hiru eskultura piroteknia kreatiboarekin jantziko dituzte, musikarekin lagunduta. Bukaeran traka botako dute.
ES3: Musikeneko kide ohiak (saxofoia, biolina, kontrabaxua eta bateria) giroa mantenduko dute ibilbide osoaren ondoren.
Hernaniko Udala eta Chillida Fundazioa elkarlanean ariko dira
Hernaniko Udalak eta Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioak akordioa sinatu dute jarduera kultural eta didaktikoak antolatzeko. Horren bidez, esaterako, Udalak Hernaniko ikastetxeak lagunduko ditu museora joan daitezen, eta Sagardo Egunean, Solstizioan edo Museoen Nazioarteko Egunean, Udalak 100 sarrera hartuko ditu Biterin saltzeko eta autobusak jarriko ditu Hernanitik. Museoen egunean, erakusketa bat 9.000 eurorekin laguntzea ere adostu dute akordioan.