AURTENGOA XIV. Iragarpen kontzertua izango dugu. Lehenengo aldiz 1992. urtean egin zen, eta orduz geroztik urtero egin da ekitaldi hau, bi urtetan izan ezik. 1997an eta 2004ean, eguraldi txarra zela eta, bertan behera utzi behar izan zuten kontzertua. San Joan jaiak bazetozela iragarriko zuen kontzertu bat eskaintzearen ideia Manolo Sagarnaren zuzendaritzapean aritzen zen Hernaniko Bandak izan zuen. Eta pixkanaka-pixkanaka gero eta talde gehiagok hartu dute parte: bandak, txistulari taldeak, koruek, akordeoilariek, dantzariek, txalapartariek... Azkenean, urteko ekitaldi garrantzitsuenetakoa bihurtu da hernaniarrontzat. Jende gehien biltzen duen ekitaldia da, eta horrez gain, hernaniarrok barru barrutik sentitzen dugun zerbait da. Gainera, hain preziatuak ditugun San Joan jaiak iragartzen ditu eta marko berezi batean eskaintzen da; herriko plaza nagusian eta ilargiaren argipean, hernaniar askok ikusmiraz beterik enparantza betetzen dutela. Hala ere, aurtengoan ekaitza iragarrita dagoenez, Atsegindegiko aterpean egingo da Preludioa. Iragarpen kontzertua prestatzeko parte hartzen duten taldeetako zuzendariak lanean gogor hasten dira ikasturtea hastearekin batera. Hasiera batean banda hasi zen jendea mugitzen. Gero, Patxi Apezetxearen zuzendaritzapean, txistulari taldea ere sartu zen. Koruek ere garrantzia handia dute kontzertuan. Musika Eskolako koruak Garbiñe Orbegozok zuzentzen ditu. Kantuz abesbatza berriz, Amaia Sasiainek. Parrokiko abesbatza Juan Jose Arregiren zuzendaritzapean hasi zen Iragarpen kontzertuan parte hartzen, baina gaur egun, Kantuz abesbatzarekin batera entseatzen dute. Ozenki abesbatza ere bertan izaten da. Bi urtetan, 2002an eta 2003an, Joxean Goikoetxeak hartu zuen Iragarpen kontzertua antolatzeko ardura. Orduan, San Joan zortzikoaren moldaketa bat egin zuen, gaur egun aski ezaguna bihurtu dena. Modu horretan, akordeoilariak ere kontzertuan parte hartzen hasi ziren. Maribel Insausti da akordeoilarien zuzendaria. Urtetik urtera ekitaldi bereziagoa eta jendetsuagoa antolatu dute. Mota guztietako dantzak ere bertan izaten dira: euskal dantzak, dantza garaikidea... Ttarla dantza taldea urtero ateratzen da, Nagore Arrarasen gidaritzapean. Horren ekitaldi jendetsua zuzentzeko Ruth Martin aritzen da lanean, zuzendari artistiko gisa. Eta aurkezleak ere urtero azaltzen digute kontzertuaren gidoia. Idoia Noble eta Niko Lizeaga hasi ziren aurkezle lanetan, eta gaur egun, Jon Odriozola eta Idoia Noble aritzen dira. Kontzertua prestatzeko bilerak irailean edo urrian hasten dira. Bertan, Arantxa Laburu dinamizatzaile kulturala, Patxi Apezetxea txistularia, Bandako zuzendari Zipri Otxandorena, Ozenki abesbatzako Xabier Odriozola, Ttarla dantza taldeko Nagore Arraras, Musika Eskolako abesbatzen zuzendari Garbiñe Orbegozo eta Ruth Martin zuzendari artistikoa biltzen dira gutxi gorabehera. Guztia erabakita dagoenean, talde bakoitzak bere abestiak ikasten ditu. Azkenean, Iragarpen Kontzertua baino lehen, Milagrosan elkartzen dira talde guztiak hiru entsegu orokor egiteko eta guztia ondo loturik izateko. Garbiñe Orbegozok Kronikari adierazi dionez, ez da beti erraza izaten kontzertuan eskainiko diren abestiak aukeratzea. Guztiek lotura bat izan dezaten saiatzen dira. Eta noski, hernaniarren gustuko izan daitezen saiatzen dira, bai baitakite kontzertu hunkigarria dela herritarrentzat. Horrez gain, kontzertua emateko lekua ere eztabaidagai izaten dute batzuetan. Garbiñe Orbegozok, hernaniarra ez izan arren, badaki zein berezia den hernaniarrontzat kontzertua herriko plaza nagusian ematea. Baina eguraldia ez da beti lagun izaten, eta bai parte-hartzaileak eta baita ikus-entzuleak ere oso penatuta geratzen dira bertan behera utzi behar izanez gero. Atsegindegiko aterpea eraiki zenetik, aukera bat izan da eguraldi txarra eginez gero ekitaldia bertan eskaintzea. Eta nahiz eta Plazak xarma berezia izan, ekaitza iragarrita dagoenez, aurten Preludioa Atsegindegiko aterpean egingo da.
Aurtengo Iragarpen kontzertua
Aurtengoan ere, programari zentzua bilatzen saiatu dira Preludioko antolatzaileak. Alde batetik, Jose Odriozola hernaniarrak konposatutako Oleskari Zarra kanta abestuko dute. Bestalde, Freddy Mercury hil zela 15 urte aurten betetzen direnez, We are the champions ere eskainiko digute. Garai bateko berbenak gogora ekartzeko berriz, Hertzainak taldearen Aitormena kantua eta El Tilo izeneko paso doblea ere entzuteko parada izango dugu. Bandak berriz, inmigranteekin lotutako abesti bat joko du; Volver a la montaña. Horiez gain, beste hainbat kantu eta ikuskizunez gozatzeko aukera izango dugu. Eta aurtengoan, ekitaldi berezi bat ere prestatu dute Santa Barbara elkartea omentzeko. Elkarteko himnoa kantatuko dute koruek, baina horrez gain, Santa Barbara elkarteko sozioek ere sorpresatxo bat emango digutela adierazi dute.
Sentimenduak borborka
Hernaniar guztiok badakigu zein berezia den Preludioa guztiontzat. Kontzertua gaueko 22:30etan hasten bada ere, ordurako jende mordoa gerturatzen da, eta etxeetako balkoietan ikus-entzuleak kontzertua noiz hasiko zain egoten dira. Parte-hartzaileentzat ere ekitaldi garrantzitsua izaten da. Denbora luzez aritzen dira lanean gogor guztia ondo prestatua egon dadin. Horietako asko hernaniarrak ez izan arren, gau batez behintzat hernaniar sentitzen dira, eta urguilu handiarekin jotzen dute. Milagrosako entsegu orokor batean izan da Kronika, eta parte-hartzaile batzuekin hitz egiteko aukera izan du. Idoia Ansorena eta Aitziber Garin 12 urteko txistulari gazteak dira. Aurreko urteetan Preludio Txikian parte hartu badute ere, aurtengoa izango da gaueko Iragarpen Kontzertuan arituko diren lehenengo aldia. Biek aipatu dute lan handia egin behar dela eta asko entseatu behar dela, baina `ilusio handiarekin` joko dute kontzertuan. `Familia osoa izango da bertan`, diote. Txistulariez, akordeoilariez, dantzariez, saxofoi-joleez, eta abar luze batez gain, abesbatzek ere garrantzia handia izaten dute ekitaldi berezi honetan. Juani Lucas Parrokiako koruko partaidea da. `Urte batean izan ezik, Iragarpen kontzertua eskaintzen hasi zirenetik urtero-urtero parte hartzen` duela aipatzen du. `Kantatzea izugarri gustatzen zait, eta lan handia eta entsegu asko egin behar diren arren, ilusio eta gogo handiarekin abesten dut`. Entsegua hastear dagoela eta, bere lekua hartzera joan da. `Ea eguraldi ona egiten digun!` dio kementsu.
Preludio Txikia
Iragarpen kontzertua egiten hasi eta urte batzuetara Preludio Txiki bat antolatzea proposatu zuen Kantuz musika eskolako hainbatek; Fernando Ederra, Susi Elosegi, orain dela gutxi utzi gaituen Karmele Azpeitia... Goiz-goizetik hasten dira teknikariak gaueko kontzerturako guztia prestatzen; eszenatokia, argiak, soinu teknikariak... Hori guztia aprobetxatu zitekeela eta, hernaniar gaztetxoekin Preludio Txikia antolatzea proposatu zuten 1998. urtean.
Kantuz musika eskolakoak arduratzen dira Hernaniko eskoletako 10-12 urte bitarteko haurrekin bildu, abestiak ikasi eta guztia prest izaten. Pixkanaka, kontzertu horretan ere instrumentuak sartzen hasi zirenez, Musika Eskolak ardura handiagoa hartu zuen. Horrela, 2001. urtean Garbiñe Orbegozo hasi zen Preludio Txikiko zuzendari lanetan.
Kontzertu hau antolatzeak ere lan handia eskatzen du. Lehenik, Musika Eskolako arduradunak eta Kantuz taldeko arduradunak biltzen dira, eta zein abesti kantatuko diren erabakitzeko proposamenak egiten dira. Guztia adostuta dagoenean, Kantuz taldekoak arduratzen dira eskolaz eskola haurrak bildu eta abestiak irakasteaz. Garbiñe Orbegozo berriz, Musika Eskolako haurrez arduratzen da.
Hasiera batean, Preludio Txikia arratsalde partean eskaintzen zen, 16:00etan. Baina gaueko Iragarpen kontzerturako entseguak eta soinu probak egiteko denbora gutxi uzten zenez, Preludio Txikia eguerdian eskaintzen hasi ziren. Aurtengoan ere, eguerdiko 13:00etan entzun ahal izango ditugu Hernaniko gazteak.