Gaur egingo dira inbestidura saioak Udaletxe eta Foru Aldundietan, eta bertan erabakiko dira datozen lau urteotako Alkate eta Diputatuak. Hernanin goizeko 09:00etan izango da inbestidura saioa, Udaletxeko pleno aretoan eta bertara deituak daude ordezkaritza lortu duten 6 alderdietako 17 zinegotziak. Alkate izateko sei hautagai izango dira gaur: EAE-ANVko Marian Beitialarrangoitia; PSE-EEko Jose Ramon Chica; EAJ-PNVko Andoni Amonarraiz; EAko Iñaki Arratibel; EB-Aralarko Beatriz Fernandino eta PPko Mª Luz Anglada. Inbestidura saioa zinegotzietan zaharrenak eta gazteenak zuzenduko dute, legeak hala eskatzen baitu.
Zinegotzien botoa
Zinegotziek derizkioten hautagaiaren alde bozka ezkutua emango dute, eta lehen bozketa honetan 9 zinegotzi edo gehiagoren botoa zerrendabururen batek lortzen badu, bera izango da Alkatea. Gainerakoan, zerrendarik bozkatueneko burua, hau da, EAE-ANVko Marian Beitialarrangoitia izango da datozen lau urteotako Hernaniko Alkate. Alkateak gaurko plenoan bertan hartu beharko du bere kargua eta bere ardura izango da datozen lau urteetako Gobernu taldea eratzea. Gehiengo osorik lortu ez denez, Alkate izateko aukerak hautagai guztiek dituzte beraz, aukerarik gehien EAE-ANVko zerrendaburuak badu ere, gehiengo osotik zinegotzi bakarrera gelditu baita. Alkatetza beste norbaiten esku geratzeko aukera bakarra gainerako alderdi guztiek bat egin eta beste hautagai baten aldeko botoa ematea litzateke.
Hernaniko 17 zinegotziak
EAE-ANV (8 zinegotzi): Marian Beitialarrangoitia, Juan Ignacio Arrieta, Idurre Lukas, Juankar Plazaola, Izaskun Txintxurreta, Izaskun Ezeiza, Unai Erroitzenea eta Usoa Barrutiabengoa.
PSE-EE (3 zinegotzi): Jose Ramon Chica, Jose Perez eta Estefania Morcillo.
EAJ-PNV (2 zinegotzi): Andoni Amonarraiz eta Jose Antonio Costa.
EA (2 zinegotzi): Iñaki Arratibel eta Iñaki Barrio.
EB-Aralar (zinegotzi 1): Beatriz Fernandino.
PP (zinegotzi 1): Maria Luz Anglada.
Azken inbestidura saioa Foru Aldundian
Gaurko inbestidura saioa Udaletxeko pleno aretoan egingo da. Aurreko aldian, ordea, 2003ko ekainaren 14an, Gipuzkoako Foru Aldundian egin zen, seguritate arrazoiak argudiatuta. Bildu Hernani plataforma legez kanpo utzi zuten aurreko lege-aldian eta bere deialdiari erantzunez herritar ugari bildu ziren Hernaniko Pleno Aretoan. Inbestidura saioan Joxan Rekondo atera zen Alkate. Aurreko legealdietan berriz, hauek izan dira Hernaniko alkateak: 1999-2003 Mertxe Etxeberria (EH); 1995-1999 Joxan Rekondo (EA); 1991-1995 Joxan Rekondo (EA); 1987-1991 Agustin Ezponda (HB); 1983-1987 Rikardo Mendiola (HB); eta 1979-1983 Juanjo Uria (HB).