Jende ugari izan zen ‘1936ko udazkena Gipuzkoan. Hernaniko fusilatzeak’ liburuaren aurkezpenean

Kronika - Erredakzioa 2007ko eka. 15a, 02:00

Joxan Rekondo Alkateak aurkeztu zuen ekitaldia eta Mikel Aizpuru liburuaren zuzendariak azaldu zuen liburuaren edukia.

Atzo eguerdian aurkeztu zuten Udaletxeko ekitaldi aretoan 1936ko udazkena Gipuzkoan. Hernaniko fusilatzeak liburua. Joxan Rekondo Hernaniko Alkateak aurkeztu zuen ekitaldia, eta Mikel Aizpuru liburuaren zuzendariak azaldu zituen ikerketa lanaren nondik norakoak, betetako aretoan. Liburuan azaltzen den ikerketa lana Aizpuruk berak, Txuso Gomez eta Urko Apaolaza historialariek eta Jon Odriozola soziologoak egin dute. Liburua bai euskeraz eta bai gazteleraz argitaratu dute eta ekitaldi bukaeran ale batzuk banatu zituzten joandakoen artean.

´Fusilatu guztien kopurua jakitea ia ezinezkoa da`

Aizpuruk, powerpoint-eko gidoi baten laguntzarekin, liburuaren hamar atalak jakinarazi zituen, eta 1936 urteko fusilatzeen inguruan hitz egin zuen. Ikerketa sakonak egin ondoren, Hernanin fusilatutako 129 lagunen izenak jakin dituzte, eta Aizpuruk adierazi zuen, kopurua altuagoa izango zela baina ´ia ezinezkoa` izango dela kopuru zehatza jakitea, hori azaltzen zuten dokumentu ofizialak desagertuak daudelako: ´1936ko urtarrilera arte fusilatzeen liburua existitzen zela badakigu, baina ordutik aurrera ez da ezer jakin horri buruz. Jose Aristimuño Aitzol apaiza hil ondoren, Llamas koronela (fusilatzeak agintzen zituena) bere postutik kendu zuen Francok, eta orduan desagertu zen exekuzioen liburua` Aizpururen esanetan. Ondarretako kartzelaz, Consejo de guerraz eta liburuko beste hainbat gaietaz ere aritu zen Aizpuru bere interbentzioan. Ekitaldi amaieran, joandakoek gogoetak kontatzeko eta galderak egiteko aukera izan zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!