Foru Aldundiak onartu ditu Arau Subsidiario berriak, eta besteak beste, 2.748 etxebizitza berri aurreikusten dituzte

Kronika - Erredakzioa 2007ko eka. 14a, 02:00

Foru Aldundiak onartu ditu hiri antolaketako arau berriak, eta honenbestez, dokumentu berriak orain arte indarrean egon diren arauen tokia hartuko du, Foru Aldundiak berak nabarmendu duenez. Arau Subsidiario berriek 2.748 etxebizitza berri aurrikusten dituzte Hernanirako, 34 eremutan: 1.248 etxe lur urbanoan; eta 1.400 etxe urbanizatu daitezkeen lurretan. Orain aurreko arauak 1994ko maiatzean eta 1996ko martxoan onartu ziren eta hamabost aldaketa espediente izan dituzte.

Zenbait helburu
Koldo Azkoitia Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako diputatuak adierazi duenez, berrikusitako arauekin helburu hauek lortu nahi dira: ´hiria alderdi fisiko naiz funtzionaletik berritzea; herriaren handitze premiarentzako hazkunde egokia aurreikustea; tipologia desberdinetako etxeen eskaintza antolatzea; eta industriarako lur eskaera haundiari erantzuna ematea`. Horrez gain, azpimarratu du espazio libre eta gizarte ekipamenduen ´egitura orekatu bat` ere helburu dela eta baita bide sarea hirigune kanpotik egitea ere ´ibilgailuak herri barrutik pasatu gabe eskualdeko zirkulazioaren eskema osatzeko`.

Baldintzak
Foru Aldundiak Kronikara bidalitako oharrean zenbait baldintza jarri dizkio onartutako Arau Subsidiarioen dokumentuari: lehenengoz dio, hirigintza dokumentuak Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2006ko ekainaren 30eko Legea bete behar duela ´eta indarrik gabe geldituko dira legea betetzen ez duten arauak`. Hala ere, ez du zehaztu Arau Subsidiario hauek ba ote duten legea betetzen ez duen araurik. Horrez gain, onartutako dokumentuari egindako egokitzapenak eta jarritako baldintza guztiak biltzen dituen dokumentu bateratua onartu beharko du orain Hernaniko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundira bidali, hiru hilabeteko epean.

Zenbait atal
-Etxebizitza. Arau Subsidiarioen dokumentuak 2.748 etxebizitza berri aurreikusten ditu Hernanirako. Hauek 34 eremutan egingo dira: 1.248 lur urbanoan eta 1.400 urbanizatu daitezkeen lurretan.
-Gizarte ekipamenduak eta espazio libreak. Lanbide heziketako ikastetxea Santa Barbarara aldatuko litzateke eta kirol ekipamenduei dagokienez, daudenak aurreikusten ditu. Horrez gain, zenbait espazio libre berri aurreikusten ditu dokumentuak.
-Industria. Industriagune berriei dagokienean, arau berriek aurreikusten dituzten gune nagusienak, Galarreta eta Altzuetakoa dira.
-Errepideak. Orain arteko errepideak jasotzeaz gain, Donostiako bigarren ingurubidea ere aurreikusten ditu arau subsidiario dokumentuak, baita hegoaldeko saihesbidea bikoiztea ere eta herrira sarrera berri bat, Axala ondotik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!