Ekainaren 13a dugu gaur, San Antonio eguna, eta Ereñotzu auzoan egun haundia izango da. Gaur hasi eta igandera arte ospatuko dituzte auzoko jaiak. Gaurko egunarekin jende asko bildu ohi da Ereñotzun eta egun osoan zehar izaten da zer ikusia. Aurten ere bertsoak eta herri kirolak ez dira faltako eta probintzi mailako bola txapelketa ere izango da.
Goizean elizkizunak eta festa plazan
Goizean elizkizunak izango dira, 08:00etan lehenengoa eta 10:30etan Meza Nagusia. Meza Nagusia bukatzerako hasia izango da San Antonio bola saria. Txapelketa honetan nahi duenak hartu dezake parte eta bi tiraldi izango dira, goiz eta arratsalde. Plazan eguerdian hasiko da festa, bola tiraldia bukatzean. Bertan Landarbide eta Mª Jose Sardon izango dira harria jasotzen eta Rekondo eta Mugerza aizkoran. Ondoren Jexux Mari Irazuk eta Aitor Mendiluzek bertsotan egingo dute eta arratsaldean ere bai, euskal festa egiten den bitartean.
Arratsaldean bertso musikatuak eta zikiro jatea
Euskal festa, bertsolariak eta bola tiraldiarekin batera, bertso musikatuak izango dira plazan. 19:15etan Imanol Kamiok, Aitor Atxegak eta Eñaut Agirrek Pedro Mari Otaño bertsolari zizurkildarra berpiztuko dute. 150 urte bete dira aurten Otaño jaio zela eta haren bizitzaren nondik norakoak jakiteko aukera izango da arratsaldeko emanaldian. Kamiok pianoa joko du, Atxegak gitarra eta Agirrek abestuko du. 20:30etan, egunari bukaera emateko zikiro jatea egingo dute plazan, Ansa ahizpen musikarekin girotuta.
Egitaraua
08:00 Meza San Antonio Parrokian.
10:00-12:00/18:00-19:00 ´Probintzi mailako San Antonio bola saria`.
10:30 Meza Nagusia San Antonio Parrokian.
12:30 Herri kirolak plazan: Landarbide, Rekondo, Fausto Mugerza eta Mª Jose Sardon.
Ondoren bertsolariak: Aitor Mendiluze eta Jexux Mari Irazu.
18:00 Euskal festa plazan eta bertsolarien bigarren saioa.
19:15 ´Pedro Mari Otaño Ereñotzun` Bertso musikatuak. Imanol Kamio, Aitor Atxega eta Eñaut Agirre.
20:30 Zikiro jatea plazan, Ansa ahizpek girotuta.