Gudarien plazak preludioa hartuko du bihar, San Joanak zain dituela

Kronika - Erredakzioa 2007ko eka. 15a, 02:00

Eguraldia portatzen bada 500dik gora herritar, haur eta heldu, izango dira Plazako eszenatoki gainean. Haurren kontzertua 13:00etan izango da eta helduena 22:30etan.

San Joanetako 14garren iragarpen kontzerturako, preludiorako, egun bat besterik ez da falta. Kontzertuak herriko musika taldeak, dantza taldeak, abesbatzak eta abar bilduko ditu Gudarien plazan eta San Joan jaietako atea irekiko du, astebete besterik ez dela falta gogoraraziz. Azken hitza, hala ere, eguraldiak izango du eta antolatzaile eta parte hartzaile guztiak euririk ez botatzeko eskatzen ari dira egunotan.

Haurren preludioa

Preludio nagusia gauean izango den arren, eguerdian ere izango da musika Plazan. 13:00etatik aurrera, 200dik gora umek hartuko dute eszenatokia, haurren preludioan. Bi txalapartarik irekiko dute ekitaldia eta ondoren dantzariek Lantzeko inauteria, Fandangoa eta Arin-Arina dantzatuko dituzte dultzaina eta trikitixa doinuez lagunduta. Gero, ikastetxeetako 5garren eta 6garren mailako haurren txanda izango da eta hauek lau abesti abestuko dituzte, bandatxoak lagunduta: Mendian gora haritza, Aberriaren mugak, Maite zaitut, eta Furra Furra. Bertso eskolako Neurririk gabe taldeak ere bere agerpena egingo du eta ondoren, ia 200 haurreko koruak eta megaorkesta batek bukaera emango dio ekitaldiari, Hernaniko martxa, Mendirik Mendi eta San Juan zortzikoa interpretatuz.

San Joanetako preludioa, Plaza gau-jantzian

Bihar gauean Gudarien plazako argiak jaitsi eta askorentzako urteko ekitaldirik dotoreena dena jarriko da martxan. 22:30etan Idoia Noblek eta Jon Odriozolak hasiera emango diote XIV. San Joanetako iragarpen kontzertuari, eta hortik aurrera 250etik gora lagun pasako dira eszenatokitik. Guztien artean 11 konposizio kantatu eta joko dituzte: We are the champions, El Tilo, Aitormena, Pozaldi, Volver a la montaña, diana, Canto dedicado a la sociedad Santa Barbara, Liberalen martxa, Oleskari zarra, Mendirik mendi eta San Joan zortzikoa. Santa Barbara elkarteko ereserkia, berritua, ere joko dute bihar. Iñaki Egurenek moldatu du Isidro Ansorenaren doinua eta Unai Agirrek jarri dizkio hitzak.

Parte hartzaileak

Helduen preludioa

--Hernaniko musika banda

--Hernani eta inguruko txistulariak

--`Hernani` musika eskola publikoko akordeoi taldea

--Kantuz Abesbatza

--`Hernani` musika eskola publikoko abesbatza

--Ozenki abesbatza

--San Joan Parrokiko abesbatzako partaideak

--Santa Barbara elkarteko danborrada

--Ttarla dantza taldea

--Esperanza Latina taldea

--Gitarra: Ioritz Oses

--Pianoa: Miren Zubillaga, Joxan Rodriguez

--Txalaparta: Lara Mitxelena, Iñigo Monreal

--Txistua: Haritz Ezeiza, Jon Ansorena, Iker Apaolaza

--Zuzendariak: Amaia Sasiain, Maribel Insausti, Garbiñe Orbegozo, Patxi Apezetxea, Zipri Otxandorena

--Zuzendari artistikoa: Ruth Martin

--Aurkezleak: Idoia Noble, Jon Odriozola

Haurren preludioa

--Elizatxo ikastola

--Inmaculada ikastetxea

--Langile ikastola

--Txirrita ikastetxea

--Urumea ikastola

--`Hernani` musika eskola

 --Kantuz musika eskola

--Ttarla dantza taldea

--Hernaniko bertso eskola: ‘Neurririk gabe’ taldea

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!