Hilabeteetan zehar egindako lanak ikusgai jarri dituzte Biteriko artegileek

Kronika - Erredakzioa 2007ko eka. 12a, 02:00

Biteriko erakusketa aretoan argazkigintza, keramika, egur taila, harri taila, pintura, eskulanak eta zaharberritze tailerretan landutakoaren emaitza ikusi daiteke, hilaren 20ra arte.

Biteri kultur etxeko erakusketa aretoa arte adierazpen ezberdinak baliatuz egindako lanekin jantzi dute egunotan. Erakusketan iazko urritik orain arte ibilitako lagunek egindako lanak jarri dituzte eta egileetako batzuk han izan ohi dira, gainera, bisitariei lanen elaborazioaren berri emateko. Egunero 18:00etatik 20:00etara ikusi ahal izango da erakusketa ekainaren 20ra arte.

Barietate haundiko erakusketa

Biterin ikastaro ezberdinetako lanak daude ikusgai: egur taila, pintura, harri taila eta eskultura, eskulanak, argazkigintza, keramika eta altzarien zaharberritzea. Erakusketan saiatu dira ikastaroetan parte hartu duten ikasle guztien lanei bere tokitxoa egiten, hortaz ehundaka lan ikusi ditzakegu erakusketan, forma, kolore eta material ezberdinekin egindakoak. Ikasturte bukaerako erakusketa urtero egiten da, baina Peio Goello irakaslearen esanetan, ikasleek ez omen dute erakusketari begira lan egiten: ´Gehienek ez diote garrantzirik ematen erakusketari. Ikastaroan zehar aipatzen diegunean ekainerako lan bat bukatu behar dutela ez dute oso serio hartzen. Batzuei erreparoa ere ematen die`. Hala ere, ia denak parte hartzen dute esposizioan eta Goellori positiboa iruditzen zaio: ´satisfazioa ematen du zure lana jendearen begien aurrean jartzea, batzuen lanak besteenen artean ikusteak`.

Ikastaroetan ia 500 lagunek hartu dute parte, gehienak emakumeak eta gazte gutxi

Peio Goello pintura ikastaroko maisuaren esanetan ia 500 lagun ibili dira ikasturte honetan Biterin antolatutako ikastaroetan, eta gizonezkoen parte hartze txikia azpimarratu dute. Arte plastikoko ikastaroetan, adibidez, %90 emakumeak izan dira, eta egur tailan bakarrik izan da mutil talde polit bat. Gazteen presentzia ere ez da izan kanpaiak jotzeko modukoa; argazkigintza bakarrik salba omen daiteke. Beste ikastaroetan oso gazte gutxi izan omen dira, batez ere 18 eta 25 urte artekoak. Ikastaro batzuk jendetsuagoak izan dira eta tarte haundiagoa hartzen dute erakusketan. Esaterako, pinturan, 43 lagun aritu dira bi taldetan banatuta. Beste tailer batzuetan, berriz, jende gutxiago ibili da, adibidez keramika tailerrean 8 lagun apuntatu ziren.

Keramika ikastaroa itxi egingo dute

Erakusketan keramika tailerreko ikasleen kartel batzuk ikusi daitezke, tailerrak jarraitzea eskatzen dutenak. Aurten tailer hori bertan behera utzi nahi izan dute, eta datorren urterako asmo berak omen dituzte. Ikasleak diote jende gutxiegi direlako dela, bederatzi ikasle dauden arren izena emanda (zortzi dira minimoa ikastaroa martxan jartzeko).

Urte bukaerako dantza emanaldiak 14an eta 20an

Dantza ikastaroetako ikasleek ere prestatu dute emanaldi bat urte bukaerarako eta urtean zehar landutako koreografiak jendaurrean interpretatuko dituzte. Saloiko dantzak eta dantza latino ikastarokoak etzi, ekainak 14, izango dira Biterin, eta dantza garaikidea eta antzerkia landu dutenek hilaren 20an eskainiko dute emanaldia. Bi emanaldiak 19:30etan izango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!