Elizatxo-Hernani taldeak Euskal Herriko infantil mailako txapelketako finala jokatu zuen joan den larunbatean Getxoko errendimendu Zentroko kiroldegian, Lekeitio taldearen aurka. Elizatxo-Hernaniko jokalariak lehen urteko infantilak dira eta boleibolean urtebete daramakitenak. Jakinekoa zen finala irabaztea oso zail gertatuko zitzaiela. Lekeitioko jokalariak bigarren urteko infantilak dira gehienak eta boleibolean 5-6 urte daramazkitenak. Gauzak horrela, bizkaitarrak nagusitu ziren 3-0 (25-14, 25-23 eta 25-13).
Denboraldi ona
Elizatxo-Hernani taldeak lortu duena ez da makala, Gipuzkoako Txapeldun gelditu baitira eta Euskal Herriko txapeldun orde. Finalean gerra gehixeago eman ez izanaren pena, baina denboraldi borobila egin izanaren poza izango dute.
Hondartzako txapelketa
Hondartzako txapelketan espero ziren emaitzak lortu zituzten hernaniarrek larunbatean eta lehen sari guztiak ekarri zituzten Hernanira. 17 urtez azpikoetan, Hamsa-Lizarazu geratu ziren txapeldun eta ekainaren 28tik aurrera Melillan jokatuko den Estatuko txapelketara sailkatu dira; 19 urtez azpikoetan eta 21 urtez azpikoetan, bi kategoriatan, Gijon-Jara izan dira txapeldunak; 19 urtez azpikoetan bigarren, Egaña-Gonzalez hernaniarrak geratu dira eta hirugarren, Fernandez-Cuadrado, hernaniarrak hauek ere. 21 urtez azpikoetan, berriz, Gijon-Jararen atzetik Almandoz-Achtot hernaniarrak geratu dira. Uztailean, Gijon-Jara eta Egaña-Gonzalez bikoteek Estatuko txapelketa jokatuko dute Asturiasen.