Barazki ekologikoak nahi?

Kronika - Erredakzioa 2011ko urt. 26a, 01:00

Barazki-saski bat astero jaso nahi dutenei dei egin diete Uztaro Kooperatibatik, gaur Biterin egingo den bileran azaltzeko, 18:30etan.

Botikarik gabeko barazkiak, pestizidarik gabeak, betiko moduan eginak... izen asko ematen zaizkio barazki ekologikoari. Beti ez da erreza izaten ordea, barazki ho­riek lortzen, eta horregatik, taldeak sortu dira; produzi­tzeko, eta kontsumitzeko. Her­­nanin talde bat sortu zen udazkenean, eta orain, beste talde bat sortu nahi dute, Hernanin interesa daukanik ba­delako oraindik. Uztaro Koope­ra­tibak egin du deia, eta bilera gaur da, 18:30etan, Biteri kultur etxean. Bertan izango dira Kelo eta Mirene, Uztaro Koopera­ti­bako bi kide, funtziona­men­dua nola den azaltzeko.

Garaian garaiko berdurak
«Negu garaia da orain, eta neguko produktuak jaten di­tugu» dio Kelok, baratza-zaleak. Bestela pentsatu litekeen arren, negua ez da berdura garai txarra izaten, Kelok dioenez. «Aza, azalore, brokoli, eskarola, porru, erremolatxa, azenarioak... ba­razki faltarik ez da ne­guan. Akaso, ohitu gabe gau­de garaian garaikoa jaten, baina segituan jartzen zara horretara. Bara­tza-mutur bat daukan edozeinek badaki zer den hori». Barazki nahikoa izaten da urteko sasoi guztietan (udaberria izaten omen da kaxkarrena), Uztaroko kideek diotenez. Saski bat astero jaso­tzen duenak nahikoa barazki izaten du aste osorako, eta lau bat lagunentzako.

Saski bat, saski erdi
Saski osoa edo erdia hartu liteke. Familia batek saski bat behar izaten duela dio Mire­nek, otarre bat hartzen urteak daramazki berak. Etxean kide gutxi direnek berriz, saski erdia hartu dezakete, eta asko dira hori egiten dutenak ere.

Astero barazki saski bat
Uztaro Kooperatibak 45 sas­ki edo otarra banatzen ditu astero, Gipuzkoako zazpi he­rritan: Azkoitia, Andoain, Bei­zama, Billabona, Lasarte, Zarautz eta Zestoan. Orain, beste talde bat sortu nahi dute Hernanin; 8-10 talde, familia, edo otarra, hain zuzen.

Hilean bilera bat, sei astean behin bilketa
«Baratza gurea da. Beizaman daukagu baratza, eta hiru liberatu dauzkagu. Baratza ondo egotea denon eginbeharra da, eta denon ardura. Horregatik, bilera bat egiten dugu hilero, bakoitzak bere herrian, eta beste bat, herri guztiak batera». Filosofia Ma­driletik dator, eta oso ondo funtzionatu du Euskal He­rrian. Kelo hasieratik ari da Uztaron, eta horrela azaldu dio Kronikari: «taldekide guz­tion helburua bat da: ba­razki ekologikoak jatea. Hori lortzeko, kooperatiba gisa an­tolatu gara, eta bakoitzak bere ardurak ditu. Ni naiz baratzaren ardura daukana, beste bi kiderekin batera, eta taldeak ordaindu egiten digu horretarako. Planifikazioa denok egiten dugu, eta guk esku-lana jartzen dugu eta esperientzia. Baina baratza denona da, eta tarteka auzo-lana eskatzen dugu. Hori da politena».

Kuota, hilean 66 euro
Taldekideek 66 euro ordain­tzen dituzte hilean. Informa­zioa: uztaro.nireblog.com.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!