Joan den larunbatean, ekainak 2, egin zen Astigartek antolatutako XIII. margo lehiaketa, aire librean. Bertan bost margolari hernaniar gaztek hartu zuten parte eta horietatik hiruk sariak lortu zituzten: Samuel Langarikak 6-9 urte arteko mailan, eta Elena Langarikak eta Ander Odriozolak 10-13 urtekoen mailan. Odriozolak irabazi egin zuen kategoria horretan, eta garaikurra, oleo-maletina, egurrezko kabailetea eta lientzo bat eskuratu zituen sari. Aipatutako hiru margolariak Luis Telleria margolari hernaniarraren ikasleak dira, eta saritutako beste bi ere, Ania Asparren eta Nerea Mora, bere ikasleak dira.
64 margolari, 4 mailatan banatuta
Astigarragako lehiaketan 64 margolarik hartu zuten parte, lau mailatan. A maila 6-9 urte artekoentzat jarri zuten; B maila 10-13 urte artekoentzat; C maila 14-16 urte artekoentzat, eta D maila 17 urtetik aurrerakoentzat. A mailan 24 partaide izan ziren, B mailan 16, C mailan 7, eta D mailan 14. Astigarragako margolariak gehiengoa izan baziren ere, Donostia, Hernani, Deba, Bidegoian, Urnieta eta Andoain herrietatik ere izan ziren margolariak, besteak beste.
Irabazleak eta sariak
A mailan Karla Ruiz astigartarra izan zen irabazlea; B mailan Ander Odriozola hernaniarra, esan bezala; C mailan Sara Ramos donostiarra izan zen onena; eta D mailan Juan Berrozpe, donostiarra hau ere. Epaimahaia hiru margolarik osatu zuten: Peio Goello hernaniarrak eta Martxe Arana eta Begoña Zurutuza donostiarrek. Banatu ziren sarien artean, argazki kamera digitala, MP4a, TDTdun DVD erreproduktore-grabagailu bat, diru sari garrantzitsuak eta margolaritzarekin erlazionaturiko hainbat material ere bazegoen.