Ereñotzu pronto dago San Antoniotarako

Kronika - Erredakzioa 2007ko eka. 10a, 02:00

Asteazkenean da San Antonio Eguna eta orduantxe hasiko dira festak Ereñotzun, igandera arte ekitaldiz gainezka datozen San Antonio jaiak. Lehen egunean herri kirolak, bertsolariak, bola, euskal festa, bertso musikatuak eta zikiro jatea izango dira.

Datorren asteazkenetik igandera izango dira San Antonio jaiak Ereñotzun eta auzoa pronto-pronto dago aurtengo festei ekiteko. Txupinazoa bezperan bota arren, San Antonio egunarekin hasiko da festa, asteazkenarekin, eta urteroko moduan herri kirolek emango diote hasiera eguerdi partean. Kirola eta saltsa biak jartzen dituzten kirolariak dira etortzekoak aurten ere: Landarbide, Rekondo, Fausto Mugertza eta Mª Jose Sardon. Irazu eta Mendiluze bertsolariak ariko dira goiz eta arratsalde eta San Antonio Bola saria ere izango da. Iaz bezalaxe, euskal festa egingo dute arratsaldean plazan eta jendeari dei egin diote baserritar jantzian azaltzeko. Afal aurrean, Pedro Mari Otañoren bertso musikatuak izango dira Eñaut Agirre, Imanol Kamio eta Aitor Atxegaren eskutik, bertsolari zizurkildarra jaio zeneko 150garren urteurrenean. Ondorenean, Zikiro jana izango da plazan, Ansa Ahizpen kantek girotuta.

San Antonio bigarrena, Irubidietan eta Ugaldetxon
San Antonio bigarrenean festa izaten da, goizetik Irubidietan eta arratsaldetik Ugaldetxon. Aurten ere bola eta toka txapelketak eta bertsolariak izango dira goizetik Irubidietan, eta hamaiketakoa eta bazkaria egiteko aukera animatzen denarentzat. Arratsaldean, auzoko eta inguruko gazteen arteko pelota partiduak izango dira. Palaz, Ane Lizeaga eta Miren Otxotorena, Mirari Pagola eta Amaia Zabalegiren aurka ariko dira eta eskuz Eneko Aizpitarte eta Markel Lizeaga, Mikel Noble eta Aritz Otaegiren aurka. Kontuan hartzeko da pelotaririk gehienak auzokoak direla. Ondorenean, bertso eta toka saioak izango dira eta Kupela taldearekin erromeria.

Ostirala, larunbata eta igandea
Egunez ezezik, gauez ere jende asko biltzen da Ereñotzun, asteburuan batipat. Ostiralean Tapia eta Leturiarekin izango da dantzaldia eta hauek bukatzean, goizaldeko ordu txikitan, txosnaren esku joango da musika. Urteroko moduan, gauerdian preso, iheslari eta deportatuei omenaldia egingo diete plazan. Larunbateko berbena, auzoko festetan huts egin ezin duen Izotz taldearen esku joango da aurten ere. Hala ere, egunez ere izango da festa, txikienei zuzenduta. Arratsaldean, jaialdia eta mozorro festa izango dituzte eta txokolatada. Igandean, sagardo probaketa izaten da goizeko ekitaldi nagusia eta Ttarla dantza taldearen dantzaldia. Arratsaldean, tirolinarekin airean ibiltzeko aukera izango dute auzoko neska-mutil ausartenek eta 19:00etan bertso jaialdia izango da Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Jon Maia, Jokin Uranga, Agin Rezola eta Joxe Agirreren eskutik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!