La Cumbreko bizilagunak elkartu ziren atzo auzolanerako eta ondorenean festa ere egin zuten urteroko moduan ´festa erreibindikatiboa`. Auzoko bidea txikitua daukate La Cumbren: zuloz josia dago hormigoia, zenbait tokitan hesirik ez dago, koska haundia eta abar luze bat. Bide berri bat egina ere bada goiko aldetik, baina zer egoeratan dagoen salatu dute auzotarrek: ´argirik gabe eta gehiegi zaindu gabe`. Horrez gain, kejatu dira desagueekin arazoak dituztelako eta auzoko jardinak ere batere zaindu gabe daudelako. Berez, Udalari dagokion lana da urbanizazioa zaindu eta konpontzea, bizilagunek azpimarratu dutenez, baina Udalak mantenimendu lanak egiten ez dituenez berak jarraitzen dute urtero elkartu eta ´ahal dena txukuntzen`.
Berrogeita hamar lagun inguru
Mantenimendu lanetan 15 lagun inguru aritu ziren atzo (Kronikak argazkia atera zuenerako dutxatzera joanak ziren asko) eta beste hainbeste lagun aritu ziren hamaiketakoa eta afaria prestatzen, auzoko garaje batean. Afaltzen, 50 lagun inguru elkartu ziren eta giro ona izan zuten.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!