‘1936 udazkena Gipuzkoan. Hernaniko fusilatzeak’ liburua aurkeztuko dute ostegunean

Kronika - Erredakzioa 2007ko eka. 10a, 02:00

Liburuaren egileak izan dira Mikel Aizpuru, Urko Apaolaza, Jesus Mari Gomez eta Jon Odriozola, azken hirurak hernaniarrak. Aurkezpena eguerdiko 12:00etan izango da, udaletxeko ekitaldi aretoan.

ostegunean 1936ko udazkena Gipuzkoan. Hernaniko fusilatzeak liburua aurkeztuko dute, 1936ko udazkenean tropa frankistek herrian fusilatutako pertsonen memoria, gerra zibila, aurrekariak eta errepresio frankistari buruz hitz egiten duen liburua, besteak beste. Liburuaren egileak dira Mikel Aizpuru (EHUko Historiako doktore eta Historia Garaikideko departamentuko irakaslea eta liburuaren zuzendaria) eta beste hiru hernaniar hauek: Urko Apaolaza (Historia lizentziatua eta ARGIAko kazetaria); Jesus Mari Gomez (Geografia eta Historiako lizentziatuta eta Hernaniko Udaleko artxiboko teknikaria) eta Jon Odriozola (Zientzia Politikoetako eta Soziologiako lizentziatua eta Aldaketa 16 aldizkariko kazetaria). Aurkezpena ostegunean, ekainaren 14an izango da, udaletxeko ekitaldi aretoan, eguerdiko 12:00etan.

Liburuaren edukia
Egileek azaldutakoaren arabera, liburuak hausnarketa egiten du errepresio frankistaren inguruan eta orain dela 70 urte gertatutakoaren oroitzapen fidel eta duinaren beharraren inguruan. Horrekin batean, Gerraren aurrekarietaz, II. Errepublika garaiko Gipuzkoaz, Gerraren nondik norakoetaz eta errepresioaz hitz egiten du. Azken atal honetan, Hernanin fusilatutako pertsonetaz eta Hernaniko biztanleek jasandako errepresioaz ere hitz egiten du. Fusilatuen omenez herrian 1977-1978 eta 1986an egindako omenaldietaz ere hitz egiten da eta azkeneko kapitulu batean 1936ko udazkenean tropa frankistek herrian fusilatutako pertsonen berri ematen da: nor ziren eta zein ziren beren zirkustantzia pertsonalak. Herrian fusilatu zituzten 200 pertsona inguru haietatik 130 lagunen izenak jakitea lortu da.

Ekimenaren helburuak
Liburua udalak Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen Departamentuarekin lankidetzan bultzatutako Hernani 1936-2006 egitasmoaren ondorio da, eta baita Euskal Herriko Unibertsitatearekin egindako elkarlanaren fruitua ere. Liburuaren egileek adierazi dutenez, egitasmo honen helburua ´1936ko uztailaren 18an altxatu zirenen eta haien kideen esku hildako guztien oroitzapena eta duintasuna berreskuratzea` da. Horrekin batera diote 70 urte bete direla 1936ko gerra hasi zenetik eta Hernanin 200 pertsona fusilatu eta dokumentaziorik gabe lurperatu zituztenetik. ´Diktadurak iraun zuen 40 urteetan ez ezik, amnesiaren gainean eraikitako 30 urteko demokrazia aldian ere ahaztutako pertsona haien guztien oroitzapena eta duintasuna berreskuratu beharra zegoen, hain justu, errepublikako espiritu demokratikoa baztertu zuten haien esku hil ziren pertsona horiek ahazturatik atera. Zorra kitatu beharra zegoen`. Liburua ez da helburu honekin egindako ekintza bakarra, Udazkena oraindik. Memoria de la Guerra Civil en Hernani dokumentala ere egin zuten, EITB eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean. 2006ko azaroaren 8an, hilerri sarreran ere egin zen ekitaldia 1936ko gerran frankistek hil eta desagerrarazitako guztien omenez. Ekitaldian izan ziren, EAEko, Gipuzkoako eta Hernaniko agintariak eta fusilatuen senitartekoak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!