Hip hopa etxean dago

Kronika - Erredakzioa 2007ko eka. 9a, 02:00

Binilozko disko batzuetatik musika hasi da ateratzen, dantza harrigarriak egiten hasi dira batzuk, errimak entzuten dira mikrofonoetatik... eta batez ere ondo pasatzeko gogoa dago. Gaur goizeko 11:00etan hasita Tilosetan egingo duten hirugarren Hip Hop Eguneko programak behintzat horretarako bidea ematen du. Goizez tailerrak izango dira: graffitiak margotzen ikasteko, diskoekin scratch-ak egiten ikasteko, eta breakdance-aren oinarrizko urratsak ezagutzeko. Hip hopa mundu zabala baita, antolatzaile lanetan aritu den Aritz Usandizagak (Aritz Sound System izenez ezagunagoak) azaldu duenez: ´Normalean jendeak hip hopa rap musika bakarrik dela ulertzen du eta hori ez da horrela. Rapa hip-hoparen adarretako bat da, musikala, baina beste adar batzuk ere baditu`. Arratsaldean, berriz, ikasitakoa erakusteko ordua izango da. 16:00etan jaialdia hasiko da DZren musika eta scratch erakustaldiarekin. DZ Selektah Kolektiboan ibili izan da DJ lanetan eta gaur egun Fermin Muguruzaren taldean dabil.

Mikroak zabalik: rapeatzera
Erakustaldiaren ondoren berriz, mikrofonoak zabalduko dira. Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako abeslarien raparekin gozatzeko aukera izango da. Aritz Sound Systemen ustez beharrezkoa da horrelakoak antolatzea, kantatzen dutenei ate berriak zabaltzen zaizkielako. ´Normalean gazteek ez daukate aukerarik soinu ekipo on batekin aritzeko. Etxean edo garajeetan entsaiatzen dute mikrofonorik gabe, edo gutxienez ekipo kaxkarrekin, eta asmoa da ekipo dezenteago batekin aukera ematea jende aurrean aritzeko`. Jaiari bukaera emateko berriz, Aritz Sound System bera ariko da musika jartzen eta doinu horiekin breakdance ikuskizuna egingo dute lauzpabost dantzarik.

Hirugarren urtez
Aurreko urteetan izandako erantzun ona ikusita animatu dira aurten ere Hip Hop Eguna antolatzera. Nola hasi zen ordea? Aritz Sound Systemek horrela azaldu digu: ´Nik urte asko daramatzat musika beltzarekin aurrera eta atzera. Selektah Kolektiboko partaide izan nintzen bere garaian eta herri askotan ibili naiz musika jartzen. Ikusten nuen gazte jendearen artean rap-ak bazuela erakargarritasuna, baina azkenean beti azalekoarekin geratzen zirela, telebistan ikusitakoarekin: posea, itxura... Eta pentsatu nuen ideia ona izango zela horrelako zerbait antolatzea irudiaren atzean zegoen mundu hori ezagutarazteko`. Izan ere, gurean oraindik erroak botatzen ari den fenomenoa izan arren, mundu osoan sekulako mugimendua dago hip hoparen inguruan. Hasieran Estatu Batuetako hirietako auzo pobreetan gazteen espresatzeko bidea zena edozein txokotan aurki daiteke orain. ´Leku bakoitzean bere ezaugarriak gehitu zaizkio gainera` Aritz Sound Systemen esanetan. Bere ustez hor dago musika honen ezaugarri azpimarragarrienetako bat: ´Garatzen dijoa eta aberasten. Aldaketak ditu... Ez da berdina orain egiten den rap musika edo orain dela hamar edo hogei urte egiten zena`.

´Bestelako` hip hopa
Eboluzio horri esker hip hoparen inguruko kultura egunero komunikabideetan egotera iritsi da. Eta horrek bere onurak dakartzan arren, dena ez da positiboa izan. Sarritan raparen eta hip hoparen irudi negatiboa eskaintzen du telebistak: biolentzia, kontsumismoa... ´Normalean ateratzen dena gangsta mota-ko erreferentziak dira. Estatu Batuetan irudi horrek arrakasta dauka` Aritz Sound Systemen esanetan. ´Eta hori badago rapean, baina badago bestelako filosofia duen jendea ere`. Hip Hop Eguna horretarako ere baliagarria izatea nahi du: ´Niri ez zait gustatzen hemengo gazteek komunikabideetan ematen den irudi hori erreferentzia bezala hartzea, beraiek ere pose horiek asimilatzen dituztelako eta beraien artean etsaiak izango balira bezala aritzen direla ikusten dut`. Komunikabideetan ematen den irudi horrek hip hoparen garapena oztopatzen duela uste du gainera. Izan ere, hemen oraindik minoritarioa den musika izanda, etsaitasun irudi horrek ez du asko laguntzen jende berria erakartzerako orduan. ´Normalena elkartzea izango zen, gutxi gara horrelako musika gustatzen zaigunak eta gauzak antolatzeko bat egin beharko genuke. Ba juxtu kontrakoa, gutxi gara eta gainera gure artean mesfidantza puntu bat dagoela ematen du`.

Euskeraz zer?
2000. urtearen bueltan izan zen. Mende berriak ideia berriak ekarri zituen euskaraz egiten zen musikara eta Selektah Kolektiboa sortu zen, euskarazko lehen hip hop taldea. ´Selektah-rekin hasi ginenean pentsatzen genuen lehenengo diskoa atera eta bi urtera-edo talde pila bat egongo zirela euskaraz abesten. Baina ez da horrela izan` dio Aritz Sound Systemek. Ez da hip hopak inguruotan interesik piztu ez duelako. Bestela da. Taldeak badaude, jende euskalduna badabil, baina askok erdaraz abesten dute. ´Guretzat hori kriston pena da, urteetan bultzatu dugulako rapa euskaraz egitea. Guk landatu genuen haziak ez ditu nahi genituen fruituak eman oraindik. Horretan ari gara hala ere`. Fenomeno horren zergatiez galdetuta ez dago erantzun argirik: ´Nik pentsatzen dut jendeak jasotzen duen eragina Espainiako estatukoa dela. Azkeneko urteetan sekulako boom-a egon da raparekin. CPV hasi zenetik 90 eko hamarkada hasieran, mugimendu nahiko indartsua egon da. Talde pila bat dago gaur egun eta komertzialki ere funtzionatzen du. Eta noski, horrek komunikabideetan ere oihartzuna dauka. Hori dena guregana, Euskal Herrira iristen da eta jendeak hortik edaten du`. Euskeraz erreferente indartsurik egon ez izana izan daiteke jendeak erderara jotzearen arrazoietako bat: ´Normalean musikarekin hasterakoan jendeak gustatzen zaiona kopiatu egiten du, eta gure kasuan jendeak entzuten dituen taldeak Espainiako estatukoak dira, hor indartsu daudelako. Eta antzeko zerbait egiten saiatzen dira. Beraientzat normalena erderaz egitea da`. Baina oinarri batzuk egon badaude. Selektah Kolektiboak bi disko eta kontzertu gogoangarri asko egin ondoren bukatu zuen ibilbidea. Lehen pausoa eman zuen gainera eta haien atzetik etorri zen Mikrofon Addikt Klan (MAK) taldea. Eta pixkanaka ari dira gehiago ere sortzen. Bilbo aldean 121 Krew eta Norte Apache taldeek kanta batzuk euskeraz egin dituzte dagoeneko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!