Askatasuna erakundea Hernaniko preso politikoen egoera azaltzen ari da, hamabostean behin. Gaurkoan Graxi Morzillo presoaren egoeraren berri eman du.
2006an atxilotua
Graxi Morzillo 2006ko urtarrilaren 25ean atxilotu zuten bere bikotearekin batera, Saintesen (Frantzia). Atxiloketa Guardia zibilak eta Frantziar poliziak elkarlanean burutu zuten eta atxilotu aurreko egunetik etxea inguraturik izan zuten: ´Graxi eta Asier lurrera bota eta mehatxu eta irainpean eduki zituzten beren bi alabak aurrean zeudelarik. Poliziak, etxetik atera zituen eta gau guztian zehar setiaturik izan zituzten oihu artean. Hurrengo eguerdian burutu zen atxiloketa`. Askatasunak salatu du familiak zailtasuna izan zuela haurrak bereganatzeko: ´bi alabak indar polizialen eskutan izan ziren arratsaldera arte, eta familiak oztopo, irain, eta txantaiak jasan behar izan zituen`.
Espetxe aldaketa ugari
Atxilotu eta hiru egunetara Fleuryn espetxeratu zuten Graxi, eta ordutik, Angouleme, Gradignan, eta Bordelen ere izan dute, urte t’erdian. Denbora gehien Angoulemen izan da, ´bakar-bakarrik eta baldintza okerrenetan`.
Gaur egun Fleuryn dago Graxi, etxetik 960 km.-tara eta 180 euro balio du harako joan-etorriak. Horrez gain, Askatasunak jakinarazi du preso hernaniarrak astean behin jasotzen duela korreoa eta bere eskutitz guztiak epaileak ikusten dituela lehenago: ´Eskutitz hauetako bat beretzat hartu du epaileak berriki, eta fotokopia bat eman dio Graxiri`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!