Elkarrengandik aparteko bi munduk, bi espresiok bat egin dute Ornitorrinkus emanaldi berrian: musika garaikideak batetik, Judith Monteroren eskutik, eta bertsoak bestetik Maialen Lujanbiorenetik. Esperimentazio kontzertua abenduan eman zuten Milagrosan, eta oinarri bera izan arren ´kontzeptu borobilduago bat` izango du gaurko emanaldiak, ideia hobeto landuago bat. Emanaldia gaueko 22:30etan izango da Leoka labaderoan, eta trafikoa moztuta egongo da 22:30etatik 23:30etara, Larramendi eta Elizatxo-Portu artean. Gaurko emanaldia izango da ´ofizialki` Ornitorrinkus taldearen lehena, eta Udaleko Berdintasun Sailaren laguntza du.
Leokaren izaera
Leoka labaderoak duen historia soziala izan da emanaldia bertan egitera bultza dituena. ´Gure emanaldietan kontestuak pisua izatea nahi dugu, eta ahal den neurrian izaera bat duten lekuak bilatu nahi ditugu`. Leoka labaderoak gorderik duen izaerak Ornitorrinkus emanaldiarenarekin bat egiten du beren hitzetan ´oso bistakoa ez den arren, guk beste begi batzuekin begiratu nahi diogu`. Leoka inguruan aulkiak jartzekoak dituzte eta gainerako jendeak inguruan jarri beharko du, eszenatoki inprobisatuan. Aire librean egiten diren emanaldi guztietan bezalaxe, eguraldia izango da kezka, euria ariko balu atzeratu egin beharko bailukete.
Beste modu batera espresatzeko gogoa
Oinarrian musika eta bertsoa uztartzen ditu Ornitorrinkusek, baina orain arte bertso musikatuek egin duten bidetik aparteko egitasmoa da: ´ez musika eta ez bertsoa ez da bat bestea baino protagonistago gure emanaldian, ideiaren sorreran musika eta bertsoa biak daude eta gauza konpakto bat egin nahi dugu`. Bakoitzak bere arloan gauzak beste modu batera esateko gogoak bultza ditu Judith Montero eta Maialen Lujanbio proiektu berri hau gauzatzera ´biok lotzen gintuzten inkietude batzuren bueltan`. Bertsoek biltzen dituzten gaiak ez dira berriak, baina agian herriz herriko bertso saio normaletan horrela ateratzen ez direnak dira. Maialen Lujanbioren hitzetan jende askok bizi dituen gaiak dira emanaldiko bertsoetan azaltzen direnak, ´ez dira guztiz pertsonalak, baina normalean erabiltzen ditugunak baino intimoagoak`. Bertso jarriak dira, testu landuak. Musikari dagokionean, Judith Monterok normalean egiten dituen emanaldiekin alde haundi bat badu gaurkoak, musika garaikideak ez duela ondoan hitzezko mezurik eramaten, eta zer esanik ez bertso formatuan. Ornitorrinkusek musika garaikidea edukiz jazteko aukera eman dio saxofoi jole hernaniarrari, eta mezuari dagokion anbientea sortzeko aukera. Hernaniko musikari eta bertsolari hauen lan berria ikusi eta entzuteko irrikia sortu zaionak galdu ezinezko zita du gaur, estreinakoa. yy