Hernaniko EAE-ANV alderdiak prentsaurrekoa eman zuen atzo, arau subsidiarioen inguruan iritsi zaizkien azken informazioak salatzeko. Salatu zuten Diputazioak azken unean eta presaka onartu nahi dituela arau subsidiarioak ´azken tramitea izango litzatekeena`. Honen harira salatu dituzte ´Udal mailan izan diren azken orduko bilera ugari, zuzenketa eta abarren ostean, egun batetik bestera hartutako erabakiak eta askotan legeak eskatutako pausuak urratuz eta isilpean hartutakoak gainera`.
Harremanetan jarri ezina
Prentsaurrean nabarmendu zuten ´konfirmatu eta gezurtatu gabeko` informazioa dela berena. Diputaziora deitu eta Koldo Azkoitia eta Jose Ramon Izkeagarekin harremanetan jartzen saiatu arren salatu dute ´telefonoan jarri ere` ez zaizkiela egin ´eta ezta gerora beraiek deitu eta argibideak ematen ahalegindu ere`. Honen aurrean hiru gauza nabarmendu ditu EAE-ANVk:
1) ´Bai Udala zein Diputazioa funtziotan daude, hau da, behin behineko egoeran, hauteskundeek erabaki dituzten ordezkari berriek beraien postuak hartu bitartean. Eta egoera honetan ez da zilegi horrelako erabaki garrantzitsuak in extremis hartzea, herri baten etorkizuna baldintzatzen dutenak`.
2) ´Gurekin hitz egin eta bildu nahi ez izateak argi erakusten du orain arte izan duten jarrera zein den, gauzak herriari bizkar emanda egitea`.
3) ´Arau subsidiarioen gaian interes ekonomiko asko daude jokoan, eta hauekin lotuta baita interes politikoak ere, baina are garrantzitsuagoa dena, Hernaniren etorkizuna. Beraz zer dela eta hainbesteko presa, gurekin ez hitz egin nahi izana... zerbait ezkutatzen dute akaso? Zer dute ezkutatzeko?
Jarrera aldatzeko deia
Hurrengo astean AASSak onartuko balira alderdiak aztertu egingo luke zer egoeratan geratzen den ´eta atzera botatzeko zer aukera dauden`. Hala ere, espero dute ´Foru Aldundiak jarrera aldatuko duela` eta eskari hori egin diote. Ezker Abertzalea Udalera bueltatuko den honetan ´Udal ireki eta parte hartzeilea bultzatuz, egin nahi dugun herri ereduaren eztabaidak esango digu zer hirigintza politika egin behar dugun`. yy