«Etorkin batek besarkatu eta esan zidan, bazutela gogoa norbaitek euskaldun direla esateko»

Kronika - Erredakzioa 2007ko eka. 6a, 02:00

Gaur arratsaldean Nuevos Vascones liburu argitaratu berriaren aurkezpena egingo dute Natzako Errotan, 19:30etan. Bertan izango da Jose Mari Perez Bustero (Meano, 1940), liburuaren idazlea, eleberriaren nondik norakoak azaltzeko. 60 eta 70garren hamarkadetan Euskal Herriratutako etorkinak dira bere lan berriaren gaia eta Vascones liburuarekin sentitutako hutsunea bete duela dio idazle nafarrak. Bere hausnarketak Kronikarekin konpartitzeko gonbidapenari ez dio muzin egin.

Liburua ‘Vascones’-en jarraipena al da?

Duela bost urte Vascones liburua idatzi nuen, historian zehar Euskal Herrian izandako tribuei buruz, eta konturatu nintzen gaur egungo baskoi batzuk falta zirela liburu horretan: 50 eta 60garren hamarkadetan Extremaduratik, Galizatik eta Estatuko beste herri batzuetatik etorritakoak. Nuevos Vascones liburuak beraiek ditu protagonista. Liburuan saiatu naiz ebaluazio gordin bat egiten, uste dut bai etorkinak bai besteak autoebaluzio serio bat egin behar dutela, beldurrik gabe. Nire ustez, errealitateak elkar ezagutzea mesedegarria dela esaten digu, baina ez hitzez bakarrik, elkar mirestu behar dugula uste dut. Politikoak esaten dute ´denak euskaldunak gara`, baina hori oso pobrea da. Miresgarria da etxea galtzen datorren baten lehia, irabaziko duenaren eta galtzen ari denaren arteko lehia. Hemengoek ere lehia egin behar izan dugu, onartzeko Euskal Herria hemen jaiotakoez bakarrik osatuta ez dagoela onartzeko, kanpotarrek okupatutako lurralde bat dela onartzeko. Azken kapituluetan egin ditut hausnarketa batzuk, gaizki hartuak izan daitezkeen beldurrarekin, baina ikusi dut jendeak ondo hartu dituela, esaterako, erriberakoen kritika bat kostaldekoei zuzendua.

Errealitatea eta fikzioa nahastu al dituzu liburuan?

Pertsonai asko errealak dira, batez ere liburua hasieran, gero batzuk desitxuratu behar izan ditut. Esaterako, pertsona batek kontatu zidan Parisera eraman zutela manta batekin tapatuta, eta hori egia da, nahiz eta ez publikoa izan; berak kontatu zidan. Liburuan gertakarien garaiak errespetatu egin ditut. Diskusioak eta hausnarketak ere ez dira inbentatuak, galdetutako jendearenak dira. Pertsonen hausnarketekin osatutako liburua da, kaleko hizkeran idatzia, eta ez analisi ulergaitzetan oinarritua dagoen liburua. Liburuan nire pertsonaiak Gipuzkoatik, Bilbotik pasarazten ditut. Hemen mehatzetako jarduna bukatu zen, baina burdin lantzea goraka zijoan, eta etorkinak parte hartzen dute langile mugimenduan eta baita ere mugimendu sozialetan (bizilagun elkarteak eta abar). Liburu honetan gai bakoitzari bere denbora eman ahal izan diot; aurrekoan azkarrago pasa behar izan nituen gaiak, euskaldunen historia osoa liburu baten sartzeko. Ni 6 urte egon nintzen Erromako Gregoriar unibertsitatean, Jesuiten unibertsitatean, eta formazio teologiko eta filosofikoarekin atera zaintzen. Hortaz, zalantzak izan ditu idazten ari nintzena ez ote den filosofikoegia geratu.

Hilabete eskas darama liburuak kalean, baina lehenengo kritikak jaso dituzu jada. Onak?

Bai, gustora nago. Azken egunotan aurkezpen asko egiten ari naiz, esaterako astelehenean Bilbon izan nintzen. Jaso ditudan kritikak onak izan dira eta ezagutzen dudan etorkin bat etorri zait esaten falta zela horrelako liburu bat. Beste batek besarkada bat eman ondoren, esan zidan bazutela gogoa inork euskaldun direla esateko.

Zu Donostian zinen etorkin gehiengoa etorri zenean, ezta?
Nola bizi izan zenuen hori guztia?

Aurreko mendean ere etorri zen jendea, mehatzetan lan egitera, Bizkaiara mende hasieran. Gero, 50-60garren hamarkadan, inbertsio amerikar eta europarrak egin zituztenean hasten da jende gehiago migratzen, baina ordurako milioi bat espainiar daude Frantzian eta ehundaka mila Alemanian eta Suitzan. Aurkitu dut Euskal Herrian Errepublikagatik Extremaduran edo kazike sistemagatik Kastillan sofritutako jende asko, Kantabrian 8 urte (16 urtetatik) preso egondako jendea, 14 urtekin mehatzetan lanean hasitako jendea... Denak errespetua sortarazi zidaten, denak sofritzeko gaitasuna zuten eta ez zuten inolako antzik Frankok hona bidali zituen profesional taldearekin, eskoletan, administrazioan, notarietan, edo instituzio euskaldunetan karguak zituztenekin. Horiek ez zituzten ondo hartu langile etorkinak. Batzuk diotenaren auka, ez dut uste frankismoak bultzata etorri zirenik etorkin langileenak, hau da, gehiengoa. Adibidez langile nafar batek kontatu zidan Bartzelonara sartzen saiatu zirela frankismo garaian eta poliziak ez ziela han geratzen utzi, ez zutelako hirian jende inkontrolatu gehiago eduki nahi, erregimenak mugitu zituenaren ideia baliorik gabe utziz. Etorkin gehienak txiroak eta langileak ziren eta ezer gabe etorri ziren Euskal Herrira. Jon Maiak dioen bezala, deportatuak izan ziren. Euskal Herrian, etorkinak eta bertakoak zailtasunak dauzkate elkar ezagutzeko. Etorkinek ez dute ideiarik ere ze jende aurkituko zuten Altsasun, Orian edo Gasteizen, adibidez. Hemengoek ere pentsatzen zuten etorkinak kanpotarrak zirela eta izorratzera zetozela, eta mesfidantza hori konpartitzen zuten. Lehenengo fase hau kontraesanez beteta dago, xenofobia bat dago, beste arraza edo jatorriei beldurra, nahiz eta badauden erlazio ona egiten dutenak ere. Geroago, etorkinak fabriketara sartzen hasten dira eta 1959an Opus Dei-k egiten duen plan ekonomikoa dela-eta, mugimendu sozialak gertatzen dira estatu osoan langileen eskubideen alde. Hemen ere gertatzen dira (esaterako, CAFen, Irun eta Beasainen, Bilbon eta abar) eta esaten zen ´denak batera atera dira`, hau da, etorkinak eta bertakoak. Fase hori 1960tik 1977ra izan zen, eta 1976an 5 hildako izan ziren Gasteizen, hiru etorkinak. Hernanin mugimendu honek ere izan zuen islada, noski, eta hauek integrazio eta elkarlan urteak izan ziren. Gero trantsizioa iritsi zen eta panorama aldatu zen zertxobait, 1978-1979a zen, eta berriz ideologi berrien itzalean banaketa bultzatzen duen klima bat sortu zen. Garai gogorra hasi zen orduan, lazo urdinaren garaiarekin bukatzen dena. Herriaren arazoei irtenbiderik ematen ez zaiela ikusten dute herritarrek eta partiduak ideologi berri bat eman nahi diete etorkinei, dagoeneko hauek lotura egiten hasi zirenean lurralde honekin. 20 urte oso gogorrak izan ziren. Hala ere, lotura bikoitza (jatorriko herriarekikoa eta herri berriarekikoa) desagertzen doa eta etorkinak gero eta integratuagoak sentitzen dira hemen. Etorkinak hemen bizitutako oroitzapen gehiago edukitzen hasten dira eta semeak jada hemengoak dira, batzuk gainera aita etorkina eta bertako amarekin, edo alderantziz. Orduan haurrentzat lurra hemengoa da eta bere sentitzen dute. Jon Maiak kontatzen du euskaldunekin zegoela, eta erdaldunak senide zituela, nolabait esanda. Integrazioaren adibide bat.

Hernanik garai hartan etorkin asko hartu zituen. ‘Katanga’ ere aipatzen duzu liburuan...

Bai, duela urte asko Donostiara etorri nintzen bizitzera eta behin Hernanin, harrituta geratu nintzen auzo bati Katanga deitzen ziotela ikusiaz. Katanga Kongo errepublika askatzerakoan sortu zen errebelde talde bat izan zen, orduan oso entzutetsua, eta ez nuen bataren eta bestearen artean antzik ikusten.

Hernanin hasi omen zinen euskaldun sentitzen...

Bai, nik Hernanin galdera asko, eta baita erantzunak ere eman zizkidan mugimendua aurkitu nuen. Nik Hernanin abertzaletasun bizi bat aurkitu nuen, langileek egindakoa.Nik abertzaletasuna eskuineko gauza bat zela uste nuen orduan, baina Hernanin gizatasunez betetako langile eta herritar taldea aurkitu nuen eta ni euskalduna sentitzen hasi nintzen. Gure haurtzaroan Meanon ez ginen euskaldun sentitzen, nafarrak baizik. Baina, Leitzakoei euskaldunak deitzen genien euskeraz hitz egiten zutelako. Erromara ikastera joan nintzenean, Leitzako kide batek, Sagastibeltzak, esan zidan ni euskalduna nintzela, baina orduan ere nik ez nuen serio hartu, uste nuen ´zu pelotari ona zara` moduko hitz onak zirela, baina hark bazekien zer esaten zuen. Ni Nafarroako historiari buruz Gipuzkoan hasi nintzen ikasten, eta orduan barneratu nuen Adurretik Ebrora denok garela euskaldunak.

40 urte pasa direnean, zein da integrazioari buruz zure iritzia? I

ritzi nahiko ona daukat, lehen esan dudan bezala, baina gaia ez da erraza. Nik uste dut, alde txarrez hitz egin behar badugu, batetik, alderdi politiko espainiarrek indar haundia egin zutela etorkinengan Espainiaren ideia zabaltzeko, eta hori izan daitekeela etorkin batzuk hobeto ez integratzearen arrazoia, euskal kultura bere eginez eta abar... Euskaldunon aldetik, uste dut haiek euskaldun sentiaraziko bagenitu, errazago integratuko liratekeela. Adibidez, zure errainari erraina deitzen jarraitzen badiozu urteetan eta urteetan, ez duzu inoiz familian sartuko, baina alaba deitzen badiozu, hobeto sentiaraziko da, integratuagoa. Bestalde, kostaldean aberastasun zabala daukagun arren, kulturarekin, euskerarekin... jakin behar dugu gure lurraldea Ebrotik Adurrera arte dela, eta hori izango dela beti. Horregatik uste dut herri indartsu, tinko honen aberastasuna ez dela bakarrik heredatu duguna, baita ere kanpotik jaso duguna. Euskaldunak ere, Euskal Herritik ateratzen direnean, herrimina sentitzen dutela, baina dauden lurraldearekin lotutako bizitza egiten dute.

Liburuko azken orrietan Kostaldeko eta Erriberako euskaldunen arteko harremanez ere hitz egiten duzula esan duzu. Azaldu iezaguzu hori.

Uste dut Erriberako biztanleak euskaldundu beharrean, nafar nortasun hori areagotu behar zaiela, harremanak sendotuz eta leziorik eman gabe. Erriberako biztanle askok EAErekin batzea Euskadiren (edo bizkaitarren) menpe egotea dela uste dute, eta beraiek jada Espainiaren menpe daude, eta ez dute kate gehiagorik nahi. Gogoratu behar da euskaldunon ikurrinak, Aranan egindakoak, mende bat duela eta lehen ere existitzen zela euskaldunon bandera bat: nafarra. Erriberan Frankismoak min haundia egin zuen, esaterako, Peraltan 89 fusilamendu, 2.000 hildako Erribera osoan, eta zer dakigu Kostaldean hortaz? Nik uste dut Iparraldeko euskaldunak ez dietela esan behar Hegoaldekoei nolakoak behar duten izan, ez dugu saiatu behar beraiek eraldatzen, eta gerturatzen saiatu behar gara. Esparzaren 100 razones por las que deje de ser español irakurketa ona da gai honetan sakontzeko.

Zer aurkituko du gaurko aurkezpenera joaten denak?

Gaurko aurkezpenean, Nuevos Vascones eleberriaren metodologia, helburua, dokumentazioa eta abar azalduko ditut, eta gaurko egoera aztertzen saiatuko naiz, etorkinak etorri zireneko garaiarekin konparatuz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!