Joan den asteburuan jokatu dira Palma de Mallorcan autonomia arteko jubenil mailako Estatuko txapelketak, eta hernaniarrek puntaren puntan daudela erakutsi dute berriz ere. Hernanik lau parte hartzaile izan ditu bertan eta mailarik gorena Maitane Iruretagoienak jo du, 100 metroan bera izan baita azkarrena. Urrezko dominarako bidean marka onak egin ditu hernaniarrak: finalaurrekoa 12,49ko denboran egin zuen eta finala 12,54ko denboran.
Von Wichmannek zilarra
Bestalde, Mikel Von Wichmann-ek zilarrezko domina lortu du 4x400 errelebotako proban eta 8garren egin du 800 metroan (B mailako finala irabazita) 2:01,19 denborarekin.
Rivas bosgarren eta Aldabe hamabigarren
Servando Rivas mailu jaurtilari hernaniarra ere txapelketan izan da eta berriz ere erakutsi du bere indarra. Bosgarren egin du Palma de Mallorcan mailua 51,35 metroan botata. Eider Aldabe hernaniarra, berriz, 5.000 metroko lasterketan lehiatzera joan da Euskadiko selekzioarekin eta 12garren egin du 21:33,38ko denborarekin. Selekzioei dagokienean, Euskadikoa 3garren gelditu da nesketan eta 6garren mutiletan.