Langile ikastolak, ikastola eguna ospatu zuen joan den larunbatean, eta eguraldiak Tilosetan egitea nahi izan ez zuenez, Atsegindegin egin zuten festa. Aldez aurretik goizean, Langileko lau zentroak bisitatuz egin zuten ibilia (Bidebieta, Meabe, Laubidieta eta Santa Barbara) eta Santa Barbaran hamaiketakoa egin zuten ibiltari guztiek, DBHko ikasleen kanta eta bertsoek giroa jarri zuten bitartean. Bazkaritan Atsegindegiko estalpe haundian elkartu ziren guztiak, eta leku haundia izanagatik, betekada ederra hartu zuen, 900 lagun inguru elkartu baitziren, ikasle, irakasle eta guraso.
Bazkal ondoan jolasak
Urteroko moduan, jolasak izan ziren bazkal ondoan: gaztelu puzgarriak, umeentzako jolasak, tailerrak eta abar. Festa alaitzen, Iraunkorrak txaranga aritu zen egun guztian zehar. Langile ikastolako arduradunek festaren balorazio oso ona egin dute aurten ere, eguraldi txarrak giro ona izan baitu lagun. Garai batean, eguraldi txarrarekin ez zen horrelako festak egiteko aukera haundirik, baina, Atsegindegiko estalpeak erremedioa jarri dio gabeziari.