Hernanik garaipenarekin hasi du igoera fasea, partidu txukuna jokatuta

Kronika - Erredakzioa 2007ko eka. 4a, 02:00

HERNANIK oso ondo hasi du Hirugarren mailara igotzeko aukera eman diezaiokeen igoera fasea, atzo Morazaren kontra jokatutako partidua 2 eta 1 irabazi baitzuen. Hernaniarrak ilusio eta gogo haundiarekin joan ziren eta ez zuten hutsik egin, partidu txukuna jokatu baitzuten. Partiduko aurreneko gola Iker Torrek sartu zuen lehendabiziko zatiko 15garren minutuan. Morazak penaltiz sartutako golarekin lortu zuen berdinketa. Hala ere, ez zen nahikoa izan, Iban Sorondok bigarren gola sartu baitzuen, lehendabiziko zatiko 35garren minutuan.

Teknikoki hobeak baina zelai zaila
Hernaniarrak teknikoki gehiago izan ziren, nahiz eta bigarren zatian momentu txar batzuk izan zituen taldeak. Hala ere, zailtasun haundiena zelaiak berak jarri zuen.taldeko arduradunek azaldutakoaren arabera, Artxanda zelai txikia da eta horrek joko azkarra ekarri zuen. Horrekin batera azpimarratzekoa da, hernaniar zaletu ugari izan zirela Artxandan ekipoa animatzen, 150 inguru, eta horrek etxean bezala sentiarazi zituen txuri berdeak.

Beste bi partidu
Igoera fase honetan beste bi partidu jokatuko dira. Datorren astean Aurrera Vitoria eta Morazak jokatuko dute, eta ekainaren 16an Hernanik Aurrera Vitoriaren kontra jokatuko du, Zubipen. Txapelketa irabazita ere ez da ziurra Hernani igoko denik, beste karanbola batzuen menpe baitago. San Joan aldera arte ez da jakingo igoko den ala ez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!