Auzotarrak omenduta eta bazkari herrikoia eginda, bukatu dira Osiñagako jaiak

Kronika - Erredakzioa 2007ko eka. 4a, 02:00

BUKATU dira aurtengo Osiñagako jaiak, atzoko egun pasa ederraren ondoren. Festa eguerdi partean hasi zen atzokoan, larunbat gauekoa luze joan baitzen. Rafa eta Txuriari lore eskaintza egin ondoren, pelota partiduko finalak izan ziren. Aurten irabazleak Iker Urkiola eta Joantxo Bergaretxe izan dira. Segidan auzoko musikari gazteenek trikitixa eta pandero erakustaldi ederra egin zuten. Omenaldiaren txanda izan zen gero, aurtengoan, Gure Ametsa-ko Raimundo Mendizabal eta Manoli Aranburu; Galtzadaberrieta-ko Juan Martin; eta Altzueta-ko Ignacio Goikoetxea omendu dituzte. Azken honek ezin izan zuen omenaldira joan ahal izan. Jesus Mari Irazu eta Millan Telleria bertsolarien saioa izan zen segidan. Bertso saioan eta baita Osiñagako jaietan zehar ere oso presente izan dira Mikel Arruti eta Uxue Contreras, hildako auzotarrak. Xapre trikitixa bikoteak girotu zuen bazkalaurreko azken potea eta gero denak elkarrekin bazkaldu zuten Arriatsun, guztira 50tik gora lagun. Bazkalondorenean, bazkaria jaisteko auzotarrak herri kiroletan aritu ziren, eta dantzan gero, Xapre-ren musikarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!