«Herriko zenbait puntu beltz, beldurra sortzen dutenak eta erosoak ez direnak, gureganatu nahi izan ditugu ekintza honekin»

Kronika - Erredakzioa 2007ko eka. 3a, 02:00

HIRI Debekatuaren mapa ekimena jarri du martxan ikasturte honetan Udaletxeko Berdintasun Sailak. Ostiralean, ekimen horretan beste urrats bat eman zuten,  ikasturtean zehar identifikatutako herriko puntu beltz edo deserosoetan logotipo bat marraztu baitzuten. Izan ere, ikasturte honetan zehar, fase ezberdinetan, genero ikuspuntutik herriko hirigintza aztertu dute emakume heldu eta ikasleekin tailerrak eginda.
Ostiraleko deialdian, identifikatu-tako puntuetara joan ziren eta logotipo bat marraztu zuten, espazio horiek, sinbolikoki bada ere,  ´berreskuratzeko` helburuarekin. Puntu horien artean daude: Karabelen, trenbide azpian dagoen tunela; trenbidetik Karabelera dauden eskailerak; Zinkoenea aldean dagoen Kale Nagusitik Izpizua kalerako pasabidea; eta Pana parkea.  Guztira 32 puntu dira identifikatu dituztenak eta horietatik 12 adostu dituzte udaletxeko teknikari eta politikariekin. 12 puntu hauek egokitu edo konpondu egingo dituzte.
Logotipoa herrian ezagutarazteko, pegatinak ere banatu dituzte ikastetxeetan eta kaleetan.
Herriko puntu beltzak berreskuratzeko helburua duen tailer honek jarraipena izango du ekainaren 19an.

Emakume helduekin
egindako tailerrak

Hiri Debekatuaren mapa osatzeko ekimena azaroan jarri zen martxan eta aurrera ateratzeko Hiria Kolektiboko arkitektoekin elkarlanean aritu da Udaleko Berdintasun Saila. Ekimen honetan, alde batetik, herriko emakumeek hartu dute parte. Hauekin bi tailer egin dituzte Hirigintza eta Generoa izenarekin. Bertan, aztertu dituzte herrian zer nolako zailtasunak aurkitzen diren, leku ezberdinetara iristeko.
Atal honetan, besteak beste atera dira, kargarekin edota erosketak egiteko gurpildun karroarekin herrian ibiltzeko dauden zailtasunak. ´Herriko espazio publikoaren zati haundi bat kotxeek erabiltzen dute, oinezkoek baino askoz ere garrantzi eta presentzi haundiagoa dute` azaldu dute ekimenaren bultzatzaileek. Beldurra sortarazten duten herriko puntuak ere atera dira tailerretan, ´beldurrei dagokionean, erasoak jasateko beldurrari buruz ari gara, baita beldur sozialari buruz ere eta honek emakumeen autonomian eragiten duen murrizketa latza`,  aipatu dute.
Erdialdetik urruti xamar dauden emakumeen kasuan, aipatu dute, haien auzoetan hainbat zerbitzu falta direla eta Kaxkora joateko autobus gutxi daudela. Jasotako informazioa Udaleko politiko eta teknikariekin lantzen ari dira, konponbideak jartzeko.

Ikasleekin hiru fase
Herriko ikastetxeetako DBH 3 eta 4garren mailako neska-mutilekin ere aritu dira gai hau lantzen. Hiru fasetan:
-Aurreneko fasean:  herriko hirigintza aztertu zuten, mapa bat osatuta eta herriko puntu beltzei argazkiak atera eta mapan jarrita. Mapa hauekin erakusketa jarri zen Biterin. ´Atal honetan eguneroko bizitzan herriko espazio publikoek sortzen dizkieten zailtasunak atera ziren. Azken finean, ez emakume direlako baizik eta lan erreproduktiboak oraindik ere maila haundi batean emakumeen esku dagoelako: zaintza, erosketak, garbiketak...` azaldu dute. Azken finean aldarrikatu nahi dena ´lan horiek egiten dituztenentzat erraztasunak jartzea eta zerbitzu hobeak izatea, eta batez ere lan horren banaketa`.
-Bigarren fasean:  herriko puntu horiek sortzen dituzten beldur eta zailtasunei aurre egiten ikasteko tailerrak antolatu zituzten. Mutilak gizontasuna eta indarkeria izeneko tailerrean aritu ziren eta neskak autodefentsa ikastaroan.
-Hirugarren fasea: ostiralean burutu zen eta bertan, ´emakumeen espazio debekatua publikoa dela ohartuta`, neska gazteekin kalera atera eta identifikatutako puntu beltzetan logotipoak marraztu zituzten. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!