Gaur ospatuko da Osiñagako jaien bigarren eguna eta izango da eta omenaldiak, kirola eta musika izango dira protagonistak Arriatsu inguruan. Goizetik iluntzera arte Xapre trikitixa taldea ibiliko da auzoa girotzen eta jaiei beraiek emango diete bukaera baita ere, 20:00etan dantzaldia eskainiko baitute. Zaldibitik datorren bikote aski ezaguna da Osiñagan, ez baitute hutsik egiten urteroko zitan beren soinu eta panderoarekin. Eguerdian pilatuko dira gaur ekitaldi gehienak. 12:00etan, Rafa eta Txuriaren omenez jarrita dagoen monolitoan bilduko dira auzotarrak, oroimen ekitalditxo bat egiteko orain 20 bat urte hildako bi lagunei. Txalaparta, dantzariak eta bertsolariak izan ohi dira han. Horren ondoren, taldean denak, Arriatsura abiatzeko asmoa dute, bertan, pelota txapelketako finala jokatuko baita: Bergaretxe anaiak/Iurramendi-Urkiola. Pelota partidua bukatzerako, prest izango dira auzoko musikariak, Osiñaga Jazz Band izena hartuta, auzokideei erakusteko beren tresnekin nola moldatzen diren. Trikitixa, pandero edo saxofoia jotzen duten gazteak pieza batzuk prestatuko dituzte bazkal aurrea girotzeko. Ekimen honekin auzoko gazteek zer egiten duten erakustea dute helburu. Musikariek bertsolariei emango diete txanda; Albizturgo Millan Telleria eta Anjel Mari Peñagarikano anoetarra izango dira kantuan ariko direnak. Telleria urtero izan da Osiñagako jaietan 1992an lehen aldiz egin zirenetik, eta Peñagarikano askotan kantatutakoa da bertan. Antolatzaileek diotenez, giro ederra jartzen dute bi bertsolari hauek eta horretarako, oso garrantzitsua izaten da jendea eta haiek elkar ezagutzea.
Bazkari herrikoia eta auzo kirolak
Urtero bezala, eguerdiko ekitaldien ondoren, denak bazkaltzera eseriko dira Arriatsun. 80 bat lagun elkartuko dira bazkari herrikoian eta dijestioa ondo egin ondoren auzo kiroletan parte hartzeko aukera izango dute: txingetan, sokatiran, trontzan, zaku karreretan eta abarretan. Bertsolariek beste saiotxoa ere egingo dute arratsaldean. Auzo kirolen ondoren, Xapre bikoteak giroa jarriko du berriz soinu eta panderoarekin, eta horren ondoren, afaritxo batekin bukatuko dituzte jaiak aurtengoari dagokionez.
Lau auzotar omenduko dituzte
gaurkoan
Osiñagako jaietan ohitura dute urtero adineko auzotar batzuk omentzeko eta aurten lau auzotar izango dira omenduak. Gure Ametsa-ko Raimundo Mendizabal eta Manoli Aranburu, Altzueta-ko Ignacio Goikoetxea, eta Galtzadaberrieta-ko Juan Martinek jasoko dute gaurkoan auzotarren kariñoa, Bazkari herrikoiaren aurretik.
Ekitaldian, plaka bana emango diete omenduei eta txapela gizonezkoei eta loreak emakumezkoari.
Giro ederra eta lehia, pelotan eta abere deman
Eguraldi goibela izan bazen ere bazen girorik atzo Osiñaga aldean. Giozean goiz haur pilla bildu zen haientzat prestatutako ekintzetan parte hartzeko: mountain bike lasterketa eta beste hainbat jolas. Eguerdi partean eman zitzaien hasiera jaiei ofizialki, txupinazoarekin. Arratsaldean Osiñagako jaietan fama gehien duen abere dema izan zen. Imanol Paolaren zaldiak irabazi zuen Eltzetxoren zaldia, 65 plaza eginda. Eltzetxorenak 63 plaza egin zituen. Auzokoen arteko pelota txapelketako finalerdietan, Bergaretxe anaiek eta Oier Iurramendi-Iker Urkiolak irabazi zuten. Iluntzean bakailao eta sagardo dastaketa, Laiotzekin dantzaldia izan ziren, eta gauean Bikote bikainaren lehiaketa.
Gaur Osiñagan
--Egun osoan zehar:
‘Xapre’ trikitixa taldea.
--12:00etan:
Rafa eta ‘Txuria’ri lore eskaintza
--12:30etan:
Pelota partiduak. Finalak.
--13:00etan:
‘Osiñaga jazz band’aren emanaldia.
--Ondoren:
Bertsolariak: Telleria eta Peñagarikano.
--14:00etan:
Bazkari herrikoia, Arriatsun.
--Ondoren:
Auzo kirolak: trontza, txinga,
sokatira, zaku karrera...
--Ondoren:
Bertsolariak
--20:00etan:
Dantza ‘Xapre’ taldearekin.