JOAN den larunbatean egin zuten Txantxangorriko ehiztariek Foso universal tiraldia, erregularitaterako puntuagarria dena, eta Luis Mari Zerain izan zen irabazlea, 23 platerrekin. Plater batera Iñaki Estarloa eta Roberto Garcia geratu ziren, 22rekin, eta bi gutxiagorekin, Iñaki Urdanpilleta eta Cristobal Barragan. 12 parte hartzaile izan ziren guztira, bi txandatan. Ehiztari asko geratu ziren proba honetan parte hartu gabe, tartean Pablo Tejada erregularitate sailkapenean buru zijoana.
Erregularitatean Roberto Garcia buru
Erregularitate txapelketarako hirugarren proba puntuagarria zen larunbatekoa, eta lider aldaketa izan zen. Orain Roberto Garcia jarri da buru, 48 punturekin. Bigarren, Antonio Redondo dago, 44 punturekin; eta hirugarren, Xabier Mujika 42rekin. Bi proba geratzen dira erregularitatea bukatzeko eta lehia estua dute lehen sailkatuek.
Miguel Ollo memorialean izen ematea irekita
Herriko haurrentzako Txantxangorri elkarteak antolatzen duen Miguel Ollo karabina txapelketan izen ematea irekita dago. Parte hartzeko 10 eta 16 urte artean izan behar dira eta izena elkartean eman behar da. Txapelketa elkarteko lorategian egingo da: lehenengo kanporaketa ekainaren 16an izango da eta finala 23an. Adinaka sailkatuko dituzte parte hartzaileak: 10-13 urtekoak eta 14-16 urtekoak. Irabazleak karabina bat eskuratuko du eta sari gehiago ere izango dira.