Gorengo mailako taldeak oztopo asko gainditu beharko ditu hirugarren mailara igotzeko edo, beste modu batera esanda, karanbola asko eman beharko dira Hernani mailaz igotzeko. Baina karanbola horiek txuriberdeei mesede egiteko lehenengo play offa irabazi behar dute, eta bide horretan gaur Artxandatik garaipena edo, gutxienez, berdinketa ekarri behar dute, bi aste barru etxean Aurrera de Vitoriari irabazita play offa irabazteko. Hurrengo asteburuan, atsedenaldia izango du Hernanik eta Moraza eta Aurrera de Vitoriak elkarren aurka jokatuko dute, Gasteizen. Lehenengo hitzordua, esan bezala, gaur dute hernaniarrek, Moraza artxandarraren aurka, 11:30etan. Ez da partidu erraza izango, talde bizkaitarra esperientziaduna delako eta tradizioz, Bizkaiko zelaietan asko bultza eta presionatzen dutelako zaleek eta baita jokalariek ere. Hala ere, klubean taldea ilusioarekin ikusten dute eta diote, denboraldian egin duten jokoa eginez gero, partidua aurrera aterako dutela. Play offa jokatu eta zain egon behar Hernanik bere play offa jokatu eta beste mailetako play offak bukatu arte zain egon beharko du, mailaz igotzeko (beti ere irabaziz gero). Gorengotik mailaz igotzeko, hirugarren mailan postu batek geratu behar du libre. Horretarako hirugarren mailako bi talde 2. B mailara igotzea ezinbestekoa da, 2. B-tik Amurrio jaitsi egin baita. Hori gertatuz gero, toki bat libre geratuko litzateke 3. mailan Gorengoko play offa irabazten duenarentzat. 2. B mailara igotzeko play offean Zalla, Amorebieta, Portugalete eta Beasain sartu dira eta zale eta jokalari txuriberdeek begi bat talde hauei begira izango dute datozen asteetan.
Zaleak taldearekin
Hernaniarrek zaleen animoak izango dituzte gaurkoan, klubak autobusak debalde jarri baititu joan nahi duenarentzat. Izena eman beharra zegoen Rioja tabernan, baina agian bihar Atsegindegin azken orduan animatzen direnek zortea izango dute, lekuren bat libre harrapatuta. 09:00etan aterako da autobusa, Atsegindegitik.