Astigarragako turismo gida, herriaren muina lau ibilbidetan

Kronika - Erredakzioa 2007ko eka. 2a, 02:00

Astigarragako Udalak eta Deustuko Unibertsitateak turismo gida atera berri dute, Astigarraga bere osotasunean ezagutzera emateko. Izan ere, Astigarraga sagardoagatik da ezaguna, baina ez da horretara mugatzen, Bixente Arrizabalaga alkateak ostegunean aurkezpenean azaldu zuenez. Gaur egun turismo garapena da Udal askoren helburuetako bat eta Astigarragak ere bere lekua bilatu nahi du turismo eskaintza horretan. Aurkene Altzua Deustuko Unibertsitateko kideak azaldutakoaren arabera, aisialdia da jendeak eskatzen duena ´baina ez azaleko aisialdia, jendeak edukiak ere bilatzen ditu`. Astigarraga ingurura etorri litekeen jendearen perfila egiten ere saiatu dira: aniztasuna eta desberdintasuna ikusi nahi duen jendea, bertako kulturarekiko jakinmina, interesa eta errespetua duena... hori guztia kontuan hartuta egin dute Astigarragako gida.

Lau ibilbide
Gidak liburuxka formatua du eta lekuen argazkiz eta informazioz osatua dago. Lau ibilbide proposatzen ditu, Astigarragako aukera guztiak batzen dituzten lau ibilbide: Lehenengoa, Astigarraga bete betean izenekoa (hirigunea); bigarrena, Bizi ezazu kultura Astigarragan (inguru naturala eta historiaurrea biltzen ditu); hirugarrena, Astigarraga eta euskal nekazaritza kultura (euskal eta nekazal kultura, ohiturak...); eta laugarrena, Astigarragan txotx (sagardoa eta sagardotegiak).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!