Txupinazoak hasiera emango die gaur Osiñagako jaiei, ekitaldiz betetako egitarauarekin

Kronika - Erredakzioa 2007ko eka. 2a, 02:00

OSIÑAGAKO jaiek gaur izango dute egun haundia eta hainbat ekitaldi izango dira Arriatsuko eskolan eta inguruan, haur zein helduentzat. Joan den asteburuan hasi ziren jaiak, mus txapelketarekin, baina gaur botako dute txupinazoa eta ekitaldi ia guztiak gaur eta bihar izango dira. Aurten jaiak 16garren edizioa dute eta ohiko ekitaldiak (abere dema, bertsolariak, herri bazkaria, pelota partiduak...) zein berrikuntzak izango dira Osiñagan (bikote bikainaren saria, esaterako). Aurten ere, antolatzaileak saiatu dira auzotarrak parte hartu ahal izateko ekitaldiak antolatzen, hori baita jaietako helburu nagusia: ´jaiek auzotarrak elkartzeko balio dute eta gure artean dibertitzeko eta ondo pasatzeko. Jai hauek Osiñagari komunitate zentzua, izaera propioa ematen diote eta Hernaniko beste auzoetatik bisita egiten digutenek ere hori ikusten dute`. Antolatzaileetako batek dioen bezala, auzotarrak nahiko sakabanatuta daude eta jaietan harremana sendotzen dute: ´auzoan ez dugu biltzeko taberna edo antzekorik, eta jaietan elkartzea zerbait berezia da guretzat. Jaietan auzo guztia inplikatzen da, bakoitza bere modura`.

Txupinazoa, abere dema, bertsoak eta abar egunez
Eguerdiko 12:00etan txupinazoa botako dute Osiñagako auzotarrek, baina hasiera ofizial horren aurretik ere izango da giroa auzoan. Goizeko 10:00etan haurrek mountain bike egiteko aukera izango dute haurrek, auzoan eta inguruan, eta ziur auzoko haurrek bizikletak puntuan izango dituztela bertan parte hartzeko. Antolatzaileek diotenez, haurren parte hartzea ´izugarria` izaten da eta Hernanitik haur asko hurbiltzen dira Arriatsura. Bizikleta txangoaren ondoren, hamaiketakoa izango da parte hartzaileentzat eta 12:00etan, txupinazoarekin batera, haur jolasak. 14:00ak aldera, auzotarrak bazkaltzeko elkartuko dira, eta ondoren abere demarako lekua hartzeko ordua izango dute, 17.00etan Imanol Paollaren eta Zumaiko Eltzetxoren zaldiak Santiyomendiko harriarekin plazak egiten hasteko prest izango baitira. Arriatsu pareko bidean ibiliko dira zaldiak bueltaka, 800 kilo dituen harriarekin. Ikusleek apustutxoak egiteko aukera ere izango dute, baina exibizio kutsua izango du probak gehiago. Hirugarren urtea da abere dema egiten dutela Osiñagan. Lehen sega apustua egin ohi zuten eta haren ordezkoa da zaldi apustua. Dema bukatu bezain laister, pelota partiduak hasiko dira Arriatsun. Auzotarrak izango dira protagonista eta beren trebezia erakutsi beharko dute koskaz eta berezitasunez betetako frontoian. Gaur final aurrekoak jokatuko dituzte eta bi bikote onenak biohar arratsaldeko finalean izango dira. Ondoren, Hernaniko eskolako bertsolariek hartuko dute txanda eta Arriatsuko eremua girotuko dute, eta ziuraski sagardo eta bakailu dastaketarekin bat egingo dute, hau 19:30etarako iragarrita baitago. Dastaketarako, auzoko sagardogileek jarriko dute edaria eta bakailua auzokoek prestatuko dute. Antolatzaileetako batek esan digunez, dastaketak ere jende asko bildu ohi du.

Gauean dantzaldia eta aurtengo berrikuntza:
Bikote bikainaren lehiaketa Gaualdean, 23:00ak aldera, hasiko da dantzaldia Laiotz taldearekin, Arriatsun. Aurten, jendea parte hartzera bultzatze aldera, ‘Bikote bikainaren lehiaketa’ antolatu dute: ´lehiaketa honekin jende dantzatzera animatu nahi dugu, eta ez begira egotera. nabarmendu nahi dugu lehiaketan parte hartzeko ez dela bikote ofiziala izan behar, edozeinek hartu dezakeela parte`. Sariak ere jarri dituzte irabazleentzat, 150, 100 eta eurokoak, ´parranda debalde egiteko modukoak` eta horrela, dantzaldira jende gehiago animatuko den esperantza dute. Epaimahaiak erabakiko du zein diren dantzan finenak eta antolatzaileek esan dutenez, sekretua izango da, ´epaileak musikariak, dantzariak... izan daitezke`. Laiotz taldearen atsedenaldian bergaretxetarreneko Iker izango da dantzarako musika aproposa jartzen.

Egitaraua
- 10:00etan:
Mountain bike ibilaldia
haurrentzat, auzoan zehar, eta hamaiketakoa Arriatsun.
- 12:00etan:
Txupinazoa eta haur jolasak.
- 14:00etan:
Bazkaria auzokoentzat.
- 17:00etan:
Abere dema:
-Imanol ‘Paolla’ eta Zumaiako Eltzetxoren zaldiak 800 kiloko
harriarekin.
- Zaldi dema bukatzean:
Auzokoen arteko pelota
partiduak. Final aurrekoak.
- Partiduak bukatzean:
Bertso saioa. Hernaniko bertso
eskolako bertsolariak.
- 19:30etan:
Sagardo eta bakailu
dastaketa.
- 23:00etan;
Dantzaldia Laiotz taldearekin.
- Gau osoan zehar:
Bikote bikainaren lehiaketa.
- Atsedenaldian:
Musika saioa Iker DJ-ren eskutik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!