HERNANIKO Gorengo mailako taldeak igandean hasiko du Hirugarren mailara igotzeko aukera emango dion fasea, Morazaren kontra, Artxandan jokatuko duen partiduarekin. Hernaniarrak pozik daude ligan egindako jokoarekin, emaitza onak eman dituelako, eta joko horri eutsita eta gauzak ondo eginda, igoera fasea irabazteko aukera asko dituztela uste dute. Partidua goizeko 11:30etan izango da, eta joko ona egiteaz gain, afizioaren indarra ere beharko dutenez, autobusak antolatu dituzte dohainik. Autobusa igandean goizeko 09:00etan aterako da Atsegindegitik. Izena ostirala aurretik eman behar da Rioja tabernan.
Jokoan, igotzeko aukera da
Igoera fase honetan jokatzen dena 3garren mailara igotzeko aukera da; igoera fasea irabazi arren, posible da, hala ere, Hernani Gorengo mailan geratzea. Izan ere, igo ahal izateko 3garren mailan plazaren batek libre beharko luke. Horretarako, EAEko hirugarren mailatik talde gehiagok igo behar dute, 2 B mailatik jaisten diren talde euskaldunak baino. David Muñozek dio oso ziur daudela aurrera egingo dutela, ´prest gaude, eta hortan dugu burua. Printzipioz hiru taldeek aukera berak ditugu, baina guk gure lana egiten badugu irabazi dezakegu`. Igandeko partiduari begira, bizkaitarrek beterania eta esperientzia beren alde dutela aipatu du entrenatzaileak, baina Hernani ilusio haundiarekin dagoela aipatu du eta denboraldi osoan Hernani baino talde hoberik ez duela ikusi ere bai. Hernani behetik gora Entrenatzaileak adierazitakoaren arabera, azken urteetan Hernanik zeraman beheranzko inertziari buelta eman zaio: ´talde gaztea osatu zen, ilusioarekin, eta Gorengora igotzea lortu zen; bigarren urtean, Gorengoan finkatzea lortu genuen eta taldea berritzen jarraitu; eta aurten, partiduz partidu helburu txikiak jarrita bigarren postuan gelditu eta igoera fasera heldu gara`. Aurtengo denboraldiari buruz aipatu du denboraldi hasierako helburua zutela joan den denboraldian bezain gaizki ez hastea eta lortu ere egin zuten, ´5garren partiduan bigarren ginen`. Gero partiduz partidu helburu txikiak jarri eta eusten saiatu dira. 20 partiduko bolara ere izan zuten galdu gabe eta horrek asko lagundu zuen aurreneko postuetara gerturatzerako garaian. Ligako azken bi partiduak galdu egin dituzte, ´ezer galtzeko ez zegoelako eta jokalariak lasaitu egin direlako` adierazi du entrenatzaileak.
Igoera fasea
Hiru taldeen arteko ligaxka izango da. Talde bakoitzaren aurka partidu bakarra jokatuko da eta bakoitzak partidu bat etxean eta bestea kanpoan izango ditu. Egutegia: Ekainak 3, igandea: Moraza-Hernani. Artxandan.
Ekainak 10, igandea: Atsedenaldia.
Ekainak 16, larunbata: Hernani-Aurrera Vitoria. Zubipen.
Emakumezkoen ligan, pozik
denboraldiarekin
EMAKUMEZKOEN ligako taldeak joan den asteburuan bukatu zuen denboraldia eta Jon Zabaleta entrenatzaileak egindako balorazioaren arabera, taldeak oso ongi jokatzen bukatu du denboraldia, eta Bergaran jokatutako azken partidua denboraldiko onena izan da. Igo ez arren, pozik daudela dio denboraldiarekin, baina beren multzoko taldeak ikusita esan du ez zegoela bat bera ere beren gainetik. Datorren urtera begira, nabarmendu du aurtengo jokalariak mantenduta eta kadete batzuk igota, talde indartsuagoa izango dutela. Azken partiduan lau kadetek jokatu zuten nagusiekin.