Hernaniko EAE-ANV alderdiko zinegotzi taldeak Udal eta Foru hauteskundeetako emaitzen balorazioa egin zuen astelehenean prentsaurrean eta Hernaniko herria zoriondu nahi izan dute ´bozkei emandako erantzunagatik, eta bereziki EAE-ANV aukeratu zutenei gugan jarritako konfidantza nahi diegu eskertu`. Botoak eman dituztenez gain, kanpainan lan egin duen jendea eta babesa azaldu duena ere eskertu du EAE-ANVk. Kanpainan auzoz auzo, talde eta sektore ezberdinekin aritu badira, etorkizunean ere hala egiteko ´borondatea eta konpromiso argia` dituztela azpimarratu dute.
Emaitzarekin pozik
EAE-ANV alderdiak 4.187 boto jaso zituen Udalerako, emandako bozken %47, eta zortzi zinegotzi lortu ditu. Horrez gain, Foru Aldundirako legez kanpo utzi zuen Auzitegi Gorenak EAE-ANVko zerrenda, eta alderdiak beren aldeko bozka eskatu zuen, baliogabea izan arren. Foru Aldundirako 3.784 boto baliogabe eskuratu ditu Hernanin EAE-ANVk. Emaitza hauekin pozik azaldu da zinegotzi taldea, ´beste legealdi batzuetan ezker abertzalea ordezkatu izan duten taldeen emaitzak hobetu ditugulako, kanpaina oso egoera berezian egin behar izan dugun arren, inolako erraztasunik gabe, eta oztopoak besterik aurkitu ez ditugun arren`.
Hiru ondorio nagusi
Hauteskundeetako emaitzek irakurketa bat baino gehiago egiteko aukera ematen dute EAE-ANVren hitzetan eta hiru ondorio atera dituzte: 1) ´Batetik, EAEk bildutako botuek eta beste alderdiek izandako beherakadak erakutsi du ezin dela Udala osatu eta herririk egin ezker abertzalea zokoratuta. Bere tokia behar du izan, ezin da boto emaileen erdia baztertu`. 2) ´Bestetik, lehen indarra izan eta honelako boto babes zabala lortzeak erakusten digu, herritarrek gauzak bestela egitea eskatzen dutela, Udal politika egiteko beste modu bat, irekia, parte hartzailea eta herriarekin batera bidea egingo duena, eta ez herriari bizkar emanda, orain arte bezala. Guk jaso dugu herritarrek esandakoa eta aurretik esan genuena gogoan dugu; beraz Hernaniren etorkizuna guztion artean erabakitzeko eta Udal parte hartzaile bat egiteko konpromisoa berretsi nahi dugu`. 3) ´Hernaniren etorkizunak bakarrik ez, Euskal Herriarenak ere kezkatzen gaitu eta igandeko hauteskundeek adierazi digute, ez dagoela aurrera egiterik ezker abertzalerik gabe, eta herriak soluzioak behar dituela, eta politikariak irtenbideak bilatzeko busti daitezela`.
Prozesuaren alde egiteko beste alderdiei deia
EAE-ANVk prentsaurrean esan du ´botoemaleen eskariari heldu` eta prozesuaren alde egiteko konpromezua dutela ´eta nahi genuke emaitzek gainerako alderdiei zer pentsatua eman eta norabide bera hartzea`. PSOEk martxoko hauteskundeak buruan izan arren, EAE-ANVren hitzetan herriak esan dio soluzioak behar dituela ´eta entzutea nahi genuke`. ´Denok eman behar ditugu pausoak eta beraiek prest dauden neurrian, bidelagun izango gaituzte, aldiz, ilegalizazio eta oztopoen bidetik ez dugu elkartzeko tokirik topatuko`. EAEk egin duen dei orokorrarekin bat, Hernaniko alderdiei ere luzatu die deia Hernaniko EAEk ´hauteskundeek erakutsi duten herritarren borondatea errespetatzeko itun demokratiko bat adosteko prest dauden edo ez` jakiteko. Prest dauden alderdiekin bilkurak egiteko prest azaldu da EAE-ANV ´nazio mailan nahiz herrietan, beraz baita Hernanin ere, herritarren borondatea oinarri hartzen duen itun demokratikoa osatzeko instituzioen osaketari begira`. EAE alderdiak 8 zinegotzi lortu ditu Hernanin eta gehiengo osotik zinegotzi bakarrera gelditu da. Horren aurrean EAEk azpimarratu du espero dutela ekainaren 16ko inbestidura saioan alkatetza hartzea ´Hernaniko herritarren borondatea errespetatuz`.