UDARA inguratzen hasi orduko, Osiñagako festak prest izaten dira, herriz herri eta auzoz auzoko festa maratoiari hasiera emateko. Datorren larunbata eta igandean egingo dira festak, ekainaren 2 eta 3an, eta urteroko moduan ekitaldiz gainezka izango da Arriatsu eta ingurua.
Larunbata, ordu txikiak artekoa
Osiñagako auzotarrek berentzako antolatzen dituzte festak bereziki, baina ez diete aterik inori ixten. Giroak erakarrita, Hernanitik ere jende asko inguratu ohi da, bai egunean zeharreko ekitaldira eta baita iluntzean ere, parrandari errematea ematera. Aurten ere gustu guztietako festazaleentzako larunbata izango da Osiñagan. Goizean haur eta gaztetxoen txanda izango da eta bazkal ondoan abere demak eta pelota txapelketako final aurrekoak jokatuko dira, kirol mundua gustoko dutenentzat. Hernaniko bertso eskolako bertsolarien saioak eta sagardo eta bakailao dastaketak emango diote bide iluntzeari. Laiotz taldearekin izango da dantzaldia eta DJ Iker ariko da musika jartzen deskantsuan. Gauean zehar, bikote bikain lehiaketa egingo dute, bertan dabiltzan bikoteen artean, epaile ezkutu talde batek puntuatuta. Berria da lehiaketa hau, eta xehetasun gehiegi ez dituzte eman nahi izan antolatzaileek.
Igandean, auzotarren lehia
Igandeko festan Osiñagako jende gutxi izango da etxean gelditzen dena, Arriatsun elkartzen baitira gehienak. Rafa eta Txuriari lore eskaintza egin, pelota txapelketako finalak, auzoko musikarien emanaldia eta bazkari herrikoia izango dituzte. Ondorenean, elkarren aurka ariko dira herri kiroletan. Igandeko festa Peñagarikano eta Telleria bertsolariek eta Xapre trikitilari taldeak alaituko dute, aspaldiko urteetako ohiturari segiz.
Egitaraua
LARUNBATA, EKAINAK 2
10:00 Mountain bike haurrentzat, Ondoren hamaiketakoa.
12:00 Txupinazoa eta haur jolasak.
14:00 Bazkaria, antolatzaileentzat.
17:00 Abere dema: Imanol Paolla eta Zumaiako Eltzetxoren zaldiak.
Ondoren Pelota partiduak.
Ondoren Bertso saioa Hernaniko bertso eskolako bertsolariekin.
19:30 Sagardo eta bakailao
dastaketa.
23:00 Dantzaldia Laiotz taldearekin.
Gauean zehar: Bikote bikain lehiaketa (Sariak: 150, 100 eta 50 euro).
Atsedenaldian Iker DJ.
LARUNBATA, EKAINAK 2
12:00 Rafa eta Txuriari lore eskaintza.
12:30 Pilota partiduko finala.
13:00 Osiñaga Jazz Band emanaldia. Ondoren bertsolariak: Telleria eta Peñagarikano.
14:00 Bazkari herrikoia Arriatsun.
Ondoren kirolak: trontza, txinga, soka-tira, zaku karrera... Bertsolariak.
Dantza Xapre taldearekin.
Mujika aita-semeak
musean irabazle
Joan den larunbatean jokatu zen Osiñagako festen bueltan urtero egiten den mus txapelketa eta Mujika aita-semeak izan ziren irabazle. Bigarren postuan Kristina Alvarez eta Amaia Agirre izan ziren; hirugarren, Alberto Rama eta Jelix Pelaez; eta Laugarren Angel Garmendia eta Eneko Garmendia.