EAE-ANV/Marian Beitialarrangoitia:
«Espero dugu arazorik ez dugula izango alkatetza lortzeko»
MARIAN Beitialarrangoitiak adierazi duenez, oso pozik daude emaitzarekin: ´zorionak eman nahi dizkiogu Hernaniko herriari. ANVrentzat emaitza oso onak izan dira. Kontuan hatu behar da zenbait zerrenda ilegalizatuta daudela eta kanpaina ere zein baldintzatan egin behar izan dugun. Hernaniko kasuan, emaitzek garbi uzten dute, nahiz eta lau urte udaletxetik kanpo egon, ezin dela aurrera egin jende multzo haundi bat kontuan hartu gabe. Bestalde, erakusten dute, Udal gestioaren inguruan, jendeak bazuela beharra gauzak beste modu batera egiteko. Guk herria herriarekin egingo dugu. Orain espero dugu emaitzak errespetatuko dituztela eta alkatetza lortzeko arazorik ez dugula izango`.
PSE-EE /Pablo Peñacoba:
«Gutxi gorabehera espero genuen emaitza lortu dugu»
PABLO Peñacoba, Hernaniko PSE-EEko idazkariak adierazi du Hernanin lortu dituzten emaitzak gutxi gorabehera espero zituztenak direla: ´3 zinegotzi izatea emaitza ona zen guretzat, eta 4 lortzea oso ona. Azkenean 3 lortu ditugu. Uste dut hauteskunde hauetako abstentzioak gu bezalako partidu moderatuei kalte egin diela, parte hartzea haundiagoa izan balitz emaitza hobea lortuko genukeela. . 1999an, EHk parte hartu zuenean, bi zinegotzi eskuratu genituen, eta ordukoarekin konparatuta zinegotzi bat gehiago dugu`.
EAJ-PNV/ Andoni Amonarraiz:
«Abstentzioak kalte haundia egin digu»
ANDONI Amonarraizek adierazitakoaren arabera, ia %41era iritsi den abstentzioa da gehien harritu duena, ´ez dakit zer dela eta gertatu den, jendea desilusionatua dagoelako, edo komunikabideetan ikusi dituztelako botatzeko garaian izan diren tira-birak. Kontua da botatzera joan direnek erabaki dutela. Boto kopuruari erreparatuta, abstentzio horrek min haundia egin die bai EAJri eta baita EAri ere. Emaitzak onartu egin behar ditugu eta aurrera jarraitu`.
EA/ Iñaki Arratibel:
«Emaitza kaxkarrak izan dira, koalizioan aurkeztu ez izanaren eraginez»
IÑAKI Arratibelek hauteskundeetako emaitzen inguruko aurreneko balorazioan, emaitza kaxkarrak izan direla esan dio Kronikari. ´EAJrekin koalizioan aurkeztu ez izanaren eraginez, boto emaileek ez dute onartu biak banatuta aurkeztea eta ez dute Udalean egindako gestioa kontutan hartu. Guzti honen inguruko azterketa sakonago bat egin beharra dago, halere`.
EB/ Beatriz Fernandino:
«Ez nago emaitzekin deskonforme, ez gara hainbeste jaitsi»
BEATRIZ Fernandinok adierazi du ez dagoela emaitzekin deskonforme. ´ez gara hainbeste jaitsi, abstentzioa oso altua izan da eta horrek kalte egin digu. Hala ere boto aldetik antzeko ibili gara`.
PPk 468 botorekin zinegotzi bat lortu du.
PPk azken udal hauteskundeetatik 203 boto galdu ditu. Kronika saiatu da Mª Luz Anglada zerrendaburuarekin hitz egiten, baina ez du lortu.