Brasilgo CCPL fabelako eskola-tailerra laguntzeko diru bilketa hasi dute

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 27a, 02:00

Joxe Alkorta hernaniarrak sortutako eskola-tailerra da, Brasilgo auzo pobreenetako batean gazteei irtenbidea emateko.

Joxe Alkortak Brasilen daramazki azken lau urteak, Rio de Janeiroko CCPL esneki fabrika zenean sortutako fabelan. Ebanista hernaniarrak jubilatu eta bertara egin zuen eta eskola-tailerra sortu zuen fabela behartsu honetan, bertako gazteei nolabaiteko irtenbidea ematen saiatzeko. Iazko azaroan bertako bizitzaren eta bere lanaren nondik norakoak azaldu zizkion Kronikari eta oraingo egoeraren berri bidali berri du bertatik.

Aroztegia, bisuteria eta erdi-guarderia

Gaur egun, aroztegi, bisuteri eta erdi guarderia funtzioak eman nahi dizkio eskola-tailerrari, Alkortak berak Kronikari azaldu dionez eta 8-10 urte arteko neska-mutilak hartzen ditu ´zaharragoekin beranduegi baita, eta ezinezkoa`. Tailerra emateaz gain, irakasle bat jarri eta bertan bazkariak ematea ere aztertzen ari da, gainera. Azken aldian materiala erosi eta berak egindako koilare, pultsera, belarritako eta abarrak saltzera ateratzen dira neska-mutil hauek inguruko auzoetara, eta bildutako dirua beren artean banatzen dute. Alkortaren hitzetan emaitzak geroago ikusiko dituzte ´hemen gauzak poliki funtzionatzen baitute`. Hala ere Alkortak argi dauka, bere helburua ez dela ebanistak, arotzak eta abar sortzea, beren artean organizatuz gero gauzak aurrera atera litezkeela erakutsi nahi diete.

Diru bilketa

Joxe Alkortak bere borondatez sortutako eskola-tailerra da CCPLkoa eta inongo diru irabazirik ez du hortik. Gauzak aurrera ateratzeko ere bitartekoak oso urriak dira bertan eta Hernaniko zenbait lagunek diru bilketa hasi dute, CCPLko eskola-tailerrean inbertitu ahal izateko. Laguntzeko prest dauden herritarrei dei egin die.

Diru laguntza emateko moduak:

-Hilero hainbesteko bat eman nahi dutenek transferentzia bidez egin lezakete. -Behin edo aldian behin egin nahi dutenek ere transferentzia puntuala egin lezakete edo BBVA-n horretarako sortutako kontuan sartu.

-Diru kopuru jakin bat biltzean, bidaliko da Brasilera.

* Asmoa da urtebeteko proba egitea eta Joxe Alkorta bera izango da diru honen erabilera azaldu eta proiektuaren nondik norakoa eta egoera azalduko dituena. Kontu zenbakia: BBVA 0182 0323 82 02 01517839

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!